Zuhaitz Igotze Txapelketako «prebentzioaren eta arduraren» ikuspegitik egingo dutela diote antolatzaileek
Espainiako Zuhaitz Igotze Txapelketaren aurkezpena, aste honetan.Donostiako Udala Espainiako Zuhaitz Igotze Txapelketa antolatu du asteburu honetan Donostian Arbolazaintzako Espainiako Elkarteak (AEA), Donostiako Udalaren laguntzarekin. Horren harira, kezka adierazi du egunotan Parkea Bizirik elkarte naturazaleak eta egitasmoa bertan behera uzteko eskatu du, jarduera udaberri betean ospatzea “kolpe gogorra” delako parkeko ekosistemarentzat, diotenez. Horri erantzunez, AEAk esan du lehiaketa “prebentzioaren eta arduraren” ikuspegitik antolatu dutela.
Nabarmendu dutenez,”lehiaketaz haratago, txapelketa truke teknikorako, prestakuntzarako eta dibulgaziorako gunea da, eta zuhaitzarekiko eta bere ingurunearen kontserbazioarekiko praktika seguruak eta errespetuzkoak ikusarazi, sustatu eta zabaltzera bideratuta dago”. Era berean, azaldu dute ekitaldia bera “jarduera puntual gisa” planteatzen dutela, “iraupen mugatukoa eta espazioaren okupazio oso mugatuarekin”.
Hain zuzen ere, txapelketarako zein zuhaitz erabili aztertu dutela diote: “Probak ale gutxi batzuen gainean bakarrik egiten dira (zortzi zuhaitz parke osoan), aldez aurretik irizpide teknikoen arabera aukeratuta. Ildo horretan, hautatutako zuhaitzen ingurune hurbila berrikusi da aldez aurretik, beste espezie batzuek izan ditzaketen habitatak identifikatzeko, betiere, prebentzioaren eta erantzukizunaren ikuspegitik. Era berean, adierazi behar da probetarako aukeratutako zuhaitzak ez direla ale helduenak edo beteranoenak, horiek baitira normalean faunarentzako habitat gisa eskaintzeko ahalmen handiena dutenak”.

