«Zardoya-Otis eremua garbitzeko agindua eman dut, hondakinez beteta dagoelako»
Jon Insausti alkateak nabarmendu duenez, udalak segurtasun baliabideak handituko ditu pabiloiak hustu eta eraitsi arte.
Jon Insausti alkatea, udaletxeko prentsa aretoan.Donostiako Udala Donostiako Udalak neurri zehatzak iragarri ditu Herrerako Zardoya-Otis eremuko “bizikidetza eta segurtasun” arazoei aurre egiteko. “Inguru horretako egoerak erantzun zehatzak behar ditu, dagoeneko jasanezina delako”, adierazi du Jon Insausti alkateak. Hori dela eta, Alkatetzatik koordinazio lantalde bat martxan jarri dutela iragarri du, “bizilagunek etengabe eskatu digutelako, eta bertako errealitatea gertutik ezagutzen dugulako”.
Arazo, ertz eta kasu guztiei erantzun “zehatz bat” emango dietela aurreratu du Insaustik: “Hainbat esparrutatik jorratzen eta lantzen ari gara gertatzen ari dena: hirigintzatik, mantentze eta garbitasunetik, gizarte zerbitzuetatik, segurtasunetik eta baita gainerako erakundeen inplikaziotik”.
Hain zuzen ere, azken asteotan Zardoya-Otis inguruaren garbiketari eta mantentzeari erreparatu diotela esan du alkateak. “Eremua garbitzeko agindua eman dut, hondakinez beteta dagoelako. Aste honetan erabaki dugu garbiketa datorren astean egitea, bost eguneko epean. Hain da handia dagoen zabor kopurua, bost egun beharko ditugula garbiketak egiteko”, azaldu du. Eremua garbitzeko Udaltzaingoaren laguntza behar izango dutela gaineratu du: “Segurtasuna beharko dugu, hondakin asko dagoelako eta garbiketa sistema berezia erabiliko delako”. Dena dela, soilik pabiloien ingurua da garbituko dutena, eraikinetara sartzeko udalak ez duelako baimenik.
130 pertsona inguru
Eremuaren “argazkia” eguneratu nahi izan du alkateak: “130 pertsona inguru dauzkagu zenbatuta, Udaltzaingoaren eta gizarte zerbitzuetako kale hezitzaileen bidez”. Bestelako datuak ere eman ditu. Esaterako, azken bi urteotan Udaltzaingoa “150 aldiz” joan dela Zardoya-Otis eremura, eta 30 pertsona baino gehiago atxilotu dituela.
Pabiloietan bizi diren pertsonen profilen berri ere eman du Insaustik, eta deitoratu du ez direla “kudeatzeko errazak”. Bi eratako pertsonak bizi direla nabarmendu du: “Epe laburrekoak daude, egun eta aste gutxi egoten direnak. Aldiz, epe luzekoak ere badira, eta horiek gaizkileak dira, delitugileak. Hori esanda, aukerak emango dizkiegu eskatzen duten guztiei”. Hain zuzen ere, Aukerak programa gogora ekarri du, udalak Martuteneko Agustindarren eraikina hustean abian jarri zuena. “Horren bidez, gizarteratze sozial edo laboral bat eskaintzen dugu, baina baldintza batzuk beteta. Ordea, argi esango dut, Herrerako pabiloietan bizi direnekin ez dira baldintzak betetzen”, azaldu du.
Segurtasun gehiago
Garbiketa lanak egitearekin batera, Insaustik adierazi du Zardoya-Otis eremua hustu eta eraitsi bitarte, segurtasun baliabideak handituko dituztela. Hori noiz gertatuko den galdetuta, alkateak ez du argitu noiz izan daitekeen. Horrela ere, gogoratu du Martuteneko Agustindarren eraikina husteko agindua emateko urtebete inguru behar izan zutela epaitegiek. “Ez nuke nahi gauza bera gertatzea Herreran, 2027ko urtarrilera arte itxaron beharko genukeelako”, esan du Insaustik.
Hain zuzen ere, udalak urtarrilean aktibatu zuen pabiloiak eraisteko lizentzia, baina jabetzak ezin izan zuen bideratu, eraikinak okupatuta daudelako. “Eremua husteko, jabetzak epaitegietan eskatu du horretarako baimena, eta orain zain gaude. Konpromisoa hartu dugu baimena izatean, kaleratzea gertatuko dela eta pabiloiak eraitsiko direla. Garrantzitsua da hori urbanistikoki garapen bat izango duelako”, azaldu du alkateak.
Udalak hasierako onarpena eman zion Zardoya-Otis eremuko hirigintza planari, eta uda baino lehen behin betiko onartu nahi dutela esan du Insaustik: “Berroneratze proiektu bat da, eta 400 etxebizitza baino gehiago daude aurreikusita; babestuak, tasatuak eta libreak. Aurreko faseek izan duten garapen berdina izango dute, Harrobieta plazakoaren berdintsua”.


