Aritz Elustondok ez du Realean jarraituko
Aritz Elustondo, Realarekin jokatutako partida batean.Reala Aritz Elustondok ez du Realeko jokalari izaten jarraituko hurrengo denboraldian, klub txuri-urdinak jakinarazi duenez. Hain zuzen ere, 2025-2026ko denboraldiaren amaieran bukatzen zaio kontratua atzelari beasaindarrari, eta Realak erabaki du kontratu hori ez berritzea.
Elustondok 2014ko abenduan egin zuen debuta Realeko gizonezkoen lehenengo taldearekin, Oviedon (Gijon, Espainia) jokatutako Espainiako Kopako partida batean. Ordutik, hamaika denboraldiotan, 310 partida ofizial jokatu ditu Realarekin, eta taldeko kapitainetako bat da egun, nahiz eta ez den ohiko hamaikakoan sartzen den jokalarietako bat. Realeko mutilek azken urteotan irabazitako bi kopetan (2021ekoa eta 2026koa) presente egon da Elustondo, eta aurtengoaren ospakizunean protagonista izan zen, berak egin baitzituen aurkezle lanak Alderdi Ederreko harreran.

Aritz Elustondo, 2026ko Errege Kopa altxatzen, Alderdi Ederreko ospakizun ekitaldian.Joseba Parron San Sebastian
“Zelai barruan eta kanpoan eredu, Aritz edozein taldetan ezinbesteko den jokalari horietako bat izan da. Etengabeko errendimendua duen futbolaria izan da eta beti jokatzeko prest egon dena azken hamarkadan txuri-urdinen aulkitik igaro diren entrenatzaile guztientzat. Aritzek kluba utziko du Realaren familia osoaren begirune eta miresmenarekin. Harro jantzi du kamiseta partida guztietan, eta kapitain ezin hobea izan da berdegunera jauzi egin duen bakoitzean”, nabarmendu du Realak.
Era berean, beasaindarra behar bezala agurtzera deitu dituzte txuri-urdinak klubetik: “Lau partida geratzen dira aurretik, horietako bi Anoetan, familia txuri-urdin osoak Elus merezi bezala agurtu ahal izateko. Handienetako bat badoa. Gutako bat. Eskerrik asko denagatik, Aritz”.


