Gipuzkoa Basketek ACB ligara igotzeko kanporaketak jokatuko ditu
Galdu arren, etxeko faktorea izango du Donostiako saskibaloi taldeak. Realeko neskek irabazi egin dute eta mutilek berdindu. Belar hockeyko taldeak ere berdindu egin du.
Tanor Ngom Gipuzkoa Basketeko jokalaria baloia saskiratzen, Obradoiroren kontrako partidan.Obradoiro Bosgarren tokian bukatu du liga erregularra Gipuzkoa Basketek. Horri esker, ACB ligara igotzeko kanporaketak jokatuko ditu. Ordea, azken partida galdu egin dute asteburuan, Obradoiroren pistan (85-68). Galiziarrak ACB ligara zuzenean igo dira. Dena dela, aipatzekoa da Gipuzkoa Basketeko Tanor Ngom jokalari senegaldarrak jardunaldiko onenaren saria eskuratu zuela. Donostiako saskibaloi taldeak etxeko faktorea izango du lorturiko postuarengatik, eta Oviedo seigarren sailkatua gainditu beharko du lauko finalera iristeko. Bost partidetara jokatzen da, eta hiru irabazi beharko ditu Gipuzkoa Basketek. Lehen biak Gaska kiroldegian izango dira hilaren 15ean (19:30) eta 17an (17:00).
Eskubaloian, Bera Berak hamargarren Espainiako Kopa irabazi zuen atzo, Illunben. Final-laurdenetan Valladolid (32-26) eta finalerdietan Elda (25-23) kanporatu ostean, finalean Atletico Guardes gainditu zuten (26-21). Lorpenaren kronika hemen irakur dezakezue.
Futbolean, Realeko neskak ez dira sailkapeneko hirugarren postuarekin konformatzen, Txapeldunen Ligarako sailkatu arren. Azken unera arte saiatuko dira liga bigarren tokian bukatzen. Horretarako, falta diren partida guztiak irabazi eta Real Madrilek baten bat galtzea behar dute. Ez dirudi erraza, baina asteburuan Granadari Zubietan irabazi ostean (3-0), argi erakutsi dute zein den sasoia bukatu bitarteko helburua. Realeko mutilek, berriz, puntu garrantzitsua lortu zuten Anoetan, Betisen aurka (2-2). Ordubete kaskarra jokatu zuten txuri-urdinek, eta andaluziarrek bi gol egin zizkieten. Ordea, azken minutuetan Realak berdintzea lortu zuen Oskarssonen eta Oiartzabalen golekin, bigarrena penalti bidez. 44 puntu batuta, eta hiru neurketa falta direnean, dagoeneko ziurtzat jo daiteke txuri-urdinek mailari eutsiko diotela.
Belar hockeyan, Realak eskura izan zuen garaipena Sardineroren zelaian, baina etxekoek berdintzea lortu zuten (2-2). Bi jardunaldi falta dira liga bukatzeko, eta ez da sasoi ona izan txuri-urdinentzat.
EMAITZAK
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 34. jardunaldia
- Obradoiro 85 – Gipuzkoa Basket 68
Eskubaloia
Espainiako Kopa, finala
- Bera Bera 26 – Atletico Guardes 21
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 28. jardunaldia
- Reala 3 – Granada 0
Gizonezkoen lehen maila, 35. jardunaldia
- Reala 2 – Betis 2
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 19. jardunaldia
- Sardinero 2 – Reala 2

