«Txanda sistema arautzea eta arrisku biologikoa aintzat hartzea nahi dugu, besteak beste»
Zubietako erraustegiko langileek beste hiru greba egun egingo dituzte maiatzean, Ekobal eta Ekondakin enpresei lan hitzarmen duin bat eskatzeko.
Pablo Velasco eta Mikel Makatzaga Zubietako erraustegiko langileak, LABen Groseko egoitzaren aurrean.Inaxio Esnaola Aranzadi Urtebete daramate negoziatzen eta otsailetik mobilizazioak egiten. LAB sindikatuak iragarri duenez, maiatzean ere hiru greba egun egingo dituzte Zubietako erraustegiko langileek. Zehazki, hiru orduko lanuzteak izango dira, eta biharko deitu dute lehena. Beste biak hilaren 19an eta 26an izango dira. Lan baldintzak arautu eta hobetuko dituen lan hitzarmen bat eskatzeko, langileak Gipuzkoako Aldundiaren aurrean elkarretaratuko dira Gipuzkoa plazan, 10:30etik 13:00etara.
Erraustegiaren kudeaketa Ekondakin aldi baterako enpresari adjudikatu zion aldundiak. Aldiz, errauste plantaren funtzionamendurako eta mantenurako Ekobal enpresa azpikontratatu zuen Ekondakinek, hau ere aldi baterako enpresa. Biek lotura estua dute, eta bien atzean Urbaser enpresa dago —Ekondakinen %46ko partaidetza du eta Ekobalen %79a—.
Ekobalek 70 langile ditu, eta horietako bi dira Pablo Velasco eta Mikel Makatzaga. Lehenak bost urte daramatza erraustegian lanean, eta bigarrenak sei baino gehiago. Ekobali lan baldintzak arautzeko eta hobetzeko eskatu diote, baina enpresak ez du negoziatzeko borondaterik erakutsi.
“Erregulatu gabeko baldintza asko ditugu lanean. 30 eskaera zehatz jasotzen dituen dokumentua luzatu genion enpresari, eta hasieratik 25 albo batera utzi zituzten. Bostekin geratu ziren, eta bi dagoeneko erregulatuta daudela diote, eta hala moduzko hobekuntzak eskaini dizkigute beste eskaerentzat”, adierazi du Makatzagak. “Logikoak dira eskatu ditugun hobekuntzak. Txanda sistema arautzea eta arrisku biologikoa aintzat hartzea nahi dugu, besteak beste. Izan ere, zaborra erretzen dugu bapore bihurtzeko, eta toxikotasun maila handiarekin lan egiten dugu”, gaineratu du Velascok.

Zubietako erraustegiko hainbat langileen elkarretaratzea Gipuzkoa plazan, apirileko lehenengo greba egunean.LAB
LABek ohartarazi duenez, Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak ez ditu arautzen Zubietako errauste plantaren ezaugarri zehatzak, planta industrial baten antzeko funtzionamendua baitu. Ez du arautzen asteko 24 ordu eta 7 eguneko txanda sistema, ez eta mantentze sailean ezartzen saiatzen diren eguneko erreten zerbitzu bat ere, are gutxiago langileek egunero jasaten duten arrisku biologikoa.
Hori dela eta, erraustegiko langileen baldintzak Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmen Kolektiboarenak izatea eskatzen dute. “Bizkaiko Zabalgarbi errauste plantarekin konparatuz gero, hango langileek soldata eta baldintza hobeak dituzte. Ez dugu horiek berdintzea eskatzen, baina lan bera egiten dugunez, logikoa litzateke antzeko baldintzak izatea”, azpimarratu du Makatzagak.
Enpresaren “aitzakia”
Ekobal enpresak 900 mila euro inguruko galera izan zuen 2025ean, eta hori “aitzakia” gisa erabiltzen dutela dio Velascok: “Hainbat bilera egin ditugu Ekobalekin, eta iazko galera argudio gisa erabiltzen du gure baldintzak ez hobetzeko”. Dena dela, LABek dio Ekobalek irabaziak izan zituela 2023an eta 2024an, baina dibidenduak bazkideen artean banatu zituztela. “Ekobali ez diogu asmorik ikusten gurekin negoziatzeko. Esan digute Ekondakinekin batzar bat egiteko zain daudela, beraien arteko kontratuan 2020ko diru sail berarekin jarraitzen dutelako. Aurten ere. Hau da, langile kopurua handitu da, baina diru berarekin kudeatzen dute”, nabarmendu du Makatzagak.
Egoera horren aurrean, pasa den astean, Ekondakinekin bilera bat egin zuten LABek eta Zubietako erraustegiko langileen batzordeak. “Langileen errealitatearen berri aurrez aurre eman genien. Izan ere, jakin badakigu Ekondakinek Ekobaletik jasotzen duela informazioa, baina ez gure ahotsetik”, zehaztu du sindikatuak.
Lan gatazkaren erantzukizun nagusia Gipuzkoako Aldundiarena dela uste dute. Horregatik, gutun bat erregistratu zuten Ingurumen Sailari zuzenduta, baina ez dute erantzunik jaso. “Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuari ere bilera eskaera bat egingo diogu, eta erantzuten ez badu, ahaldun nagusiari bidaliko diogu”, adierazi du Makatzagak.
Langileen gehiengoa
Erraustegiko langileak otsailean hasi ziren lanuzteak egiten, eta gehiengoak bat egin zuen mobilizazioekin. “70 langile gara eta 42 izan ziren lehen lanuztea egin zutenak. Beraz, gehiengoaren babesa dugu”, esan du Makatzagak. Halere, enpresak grebarekin bat egin zuten langileak “mehatxatu” zituela deitoratu du: “Lan ikuskaritzak esan zigun hori ezin dutela egin, epaile bati dagokiolako. Beraz, mehatxu hori ez da legala”.
Horiek horrela, mobilizazioak egiten jarraituko dute, nahiz eta ezartzen dizkieten gutxieneko zerbitzuengatik soilik hiru orduko lanuzteak egiteko aukera izan. “Modu batera edo bestera, enpresa presionatzen jarraitzeko asmoa dugu, lan baldintzak arautzen eta hobetzen dituzten arte”, diote bi langileek.


