Zubietako erraustegian zazpigarren greba eguna dute
Langile batzordeak elkarretaratzea egin du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean; maiatzeko lehena da, eta ez azkena.
Erraustegiko langileen protesta, Gipuzkoa plazan.Maitane Aldanondo Urtebeteko etengabeko bileren eta lau hilabeteko mobilizazioen ondoren, Zubietako erraustegiko langileek beste hiru greba egun egingo dituzte maiatzean. Gaur dute lehena, eta LAB sindikatuak gehiengoa duen langile batzordeak elkarretaratzea egin du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, Gipuzkoa plazan. Hiru orduko lanuztea egin dute.
Langileek salatu dutenez, Ekondakin erraustegiaren enpresa emakidadunak eta Ekobal azpikontrataturiko enpresak lan baldintzak arautzeko eta hobetzeko borondaterik ez dute. Era berean, lan gatazkaren erantzukizuna aldundiarena eta GHK-rena ere badela gogoratu dute, eta “arduragabekeriaz” jokatzen ari direla. IRUTXULOKO HITZAk bi langile elkarrizketatu ditu, Pablo Velasco eta Mikel Makatzaga.
Ekobal enpresako langileak dira otsailean mobilizazioekin hasi zirenak. Berez, Gipuzkoako Bide Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak babesturiko 70 dira erraustegiko langileak. Ordea, hitzarmen horrek ez ditu arautzen Zubietako azpiegituraren ezaugarri zehatzak, planta industrial baten antzeko funtzionamendua baitu. Ez du arautzen asteko 24 ordu eta 7 eguneko txanda sistema, ez eta mantentze sailean ezartzen saiatzen diren eguneko erreten-zerbitzu bat ere, are gutxiago langileek egunero jasaten duten arrisku biologikoa.
Hori dela eta, errauste plantako langileek lan baldintza zehatz horiek arautuko dituen enpresa hitzarmen bat adostu nahi dute. Gaurko hiru orduko lanuztearen ondoren, beste bi greba egun egingo dituzte hilabete honetan. Hurrengo biak hilaren 19an eta 26an izango dira, eta berriz ere Gipuzkoa plazan elkarretaratuko dira 10:30etik 13:00etara.


