«Orain hobeto hitz egiten saiatzen naiz, baina nik nahi dudalako»
Berezkoa duen umore eta izaera «naturalari» esker, Iker Iribarrenek (Antigua, 1999) jarraitzaile asko lortu ditu Tiktoken eta Instagramen. Euskaldunon ajeak estilo propioarekin eta bideo barregarriekin kontatu ohi ditu, eta horiei esker izan du oihartzuna. Aitortu duenez, txiste eta egoera asko lagunartean sorturikoak dira.
Iker Iribarren eduki sortzailea, Antiguako La Mera Mera tabernan.Inaxio Esnaola Aranzadi Zergatik aukeratu duzu La Mera Mera?
Urtebete inguruz Egiako taberna batean ibili nintzen lanean, eta beti 22:30 inguruan ixten genuen. Orduan, Antiguara iristen nintzenerako irekita zegoen bakarrenetakoa La Mera Mera zen. Hona etortzen nintzen bikotekidearekin garagardo bat hartzera. Ohitura bihurtu nuen, eta zerbitzariekin harreman ona egin nuen. Orain, arratsaldez lanik egiten ez dudanez, gutxiago etortzen naiz, baina kariñoa diot lekuari.
Baten batek pentsa dezake hona etorrita, duzun bibotea mexikarra dela…
Bai [barrez], esan izan didate! Baina ez du horrekin zerikusirik. Lagun bati kopiatzeko utzi nuen bibotea. Hasieran, adarra jotzen genion, baina ondo geratzen zitzaionez, nik ere bibotea uztea erabaki nuen.
Hona etorri zinen Xabier Mikel Azparren ziklistarekin jatera eta edatera, gero sareetan erakusteko. Hark ere badu bibotea. Beraz, leku hau ere bada zure bideoen abiapuntuetako bat?
Estimatzen ditudan Euskal Herriko pertsonekin bideoak egiten hasi nintzen, eta Azparrenekin elkartzea pixka bat inprobisatua izan zen. Kuadrillakoa da, eta bazkaltzeko geratu ginen, besterik gabe. Ordea, bideoan grabatzea proposatu nion, eta horrelakoen oso zalea ez den arren, animatu zen.
Dena dela, ‘Mihiluze’ saioan Joseba Alonso lagunarekin parte hartu ondoren hasi zinen bideoak egiten. Saioan irabazitako diruarekin, Casa Julian jatetxean bapo bazkaldu zenuten. Esperientzia haren bideoa da lehena?
Horrela da, bai. Mihiluze-n oso gustura ibili ginen, eta kameren aurrean eroso sentitu nintzen. Irabazitako diruarekin jatetxe on batera joatea erabaki genuen, eta sareetarako eduki bat sor genezakeela pentsatu nuen. Tiktoken bideo asko ikusten nituen, dinamikoak zirenak, eta erraza izango zela uste nuen, baina kostatu zitzaidan. Ez nekien gai izango ote nintzen, baina erronka moduan hartu nuen, eta harrera ona izan zuen.
Nire laguna den La Txamako Aitor Valcarlosek beste era bateko bideoak egin behar nituela esan zidan, eta kasu egin nion. Bere ideia izan zen pertsona ezagunekin bideoak grabatzea tabernetan eta jatetxetan. Gainera, Valcarlosekin grabatu genuen lehena, Antiguako Kroketerian.
Dena dela, gastronomiarekin loturiko hainbat bideo bihurri egin ondoren, aspertu egin zinen?
Ez hori soilik. Nekagarria bihurtu zen astero edo hilabetero pertsonekin harremanetan jartzea bideo hauek grabatzeko. Gainera, otordu horiek guk ordaintzen genituen, eta sekulako lana zen bideoak editatzea. Izan ere, 45 minututik gorako grabazioak izaten ziren, eta hiru minutuko bideo batean laburtzea oso zaila zen. Gaur egun nik ez ditut hiru minutuko bideoak ikusten Tiktoken eta Instagramen, eta formatu hori minutu batean jasotzea ezinezkoa zenez, baztertzea erabaki nuen. Horrela ere, Joseba eta biok berriz ere horrelako zerbait egitea dugu buruan, baina oraindik ez daukagu argi zein izango den formatua.
Sareetan euskaraz hitz egiteko zure era kritikatzen hasi ziren, ‘euskañola’ zela esanez. Horrek bultzatu zintuen iazko urrian umoretik bestelako bideoak egitera?
Horregatik ez. Kritika horrek ez nau amorratzen, hein batean ados nagoelako. Euskañola jende askorentzat zilegi dela uste dut, baina egia da nik ez nukeela horrela hitz egin beharko. Dena dela, modu naturalean nahasten ditut hizkuntzak, horrelakoa naizelako. Esaten didate hobeto hitz egin dezakedala, eta badakit, baina naturaltasunari garrantzi handiagoa ematen diot.
«Aitor Valcarlos lagunak beste era bateko bideoak egin behar nituela esan zidan, eta kasu egin nion»
Ordutik, euskara, euskal kultura eta izateko modua oso presente duzu zure bideoetan. Era berean, gero eta jarraitzaile gehiago dituzu.
Aitortu behar dut orain hobeto hitz egiten saiatzen naizela, baina nik nahi dudalako [barrez]. Bestela, nire umoreak ez du sekretu handirik, lagunekin bizi ohi dudanari bideo laburren forma ematen diedalako. Azaltzen ditudan egoerak, txisteak, euskarazko aditzen zerrendak, asmaturiko hitzak eta beste, lagunartean sorturikoak dira.
Zure bideo batzuk biralak bihurtu dira. Onerako harritu zaitu?
Bai, bilatu gabe izan delako. Nire estiloak eta hitz egiteko moduak harrera ona izan du, euskaldunen artean ez ezik, euskaraz ikasten ari direnen eta euskaraz kontsumitzen ez dutenen artean ere.
Eduki sortzaileaz harago, Iker Iribarren nor da?
Buelta asko eman dituen pertsona bat. Ingeniaritza ikasketak hasi nituen 2017an, baina uztea erabaki nuen, eta azken bost urteotan ostalaritzan aritu naiz lanean. Aurten, goi mailako ziklo bat ikasten hasi naiz, sareekin ez duena inolako harremanik: ordenagailu bidezko diseinu eta fabrikazio mekanikoa. Aste honetan hasi naiz enpresa batean praktiketan, eta lan munduan egonkortzea gustatuko litzaidake. Noski, edukiak sortzen jarraituko dut.
Zure aita komunikabide bateko zuzendaria da, eta zure ama kazetaria. Modu batera edo bestera komunikazioaren eta ikus-entzunezkoen alorrean aritu behar zinen?
Nire amari lagun askok esaten diote bere antzekoa naizela, komunikatzerako orduan. Dena dela, zer ikasi ez nekienean, gurasoek argi esan zidaten Kazetaritza baztertzeko [barrez]. Kasu egin nien eta ate hori itxi nuen. Ordea, gustuko ez nituen ikasketak baztertu ondoren, gustuko ditudan ikus-entzunezkoetan barneratu nintzen. Beraz, bai, nire gurasoen lanbideak eragina izan du nigan.



