Oxigraf hustu ondoren, udalak ez du epe laburrean beste kaleratzerik espero
Herrerako Oxigraf pabiloiaren polizia operazioa.Beñat Parra Pasa den ostiralean, Herrerako Oxigraf eraikina hustu zuen Ertzaintzak, eta han bizi ziren zazpi pertsonak kaleratu zituzten. Horren aurrean, iragan igandean agerraldia egin zuen Hiritarron Harrera Sareak, eta salatu zuten kaleraturiko pertsonak “bizitoki alternatibarik gabe” utzi dituztela.
Tokiko Gobernu Batzordearen osteko agerraldian, gertaturikoari buruz galdegin dio hedabide honek Jon Insausti alkateari. “Oxigraf-en jabeak eraikina husteko baimena eskatu zion epaileari, eta egun horretan jaso zuten. Hori dela eta, han bizi ziren zazpi pertsonak kaleratu zituzten”, azaldu du alkateak. “Aurretik, udalaren gizarte langileak pabiloi abandonatu horretan egon ziren, eta han bizi ziren pertsonekin hitz egin zuten. Beraz, ezagutzen genuen haien egoera”, gaineratu du.
Eraikina “zeharo hormatua” dagoela esan du Insaustik, eta eraitsi egingo dute Zardoya-Otis eremuan dauden gainerako pabiloiekin batera. Noiz gertatuko den, ordea, ez du argitu alkateak. Horrekin batera, adierazi du udalak ez duela epe laburrean beste kaleratzerik espero.
Harrera Sareak egindako kritikaren harira, esan du han bizi ziren pertsonei “alternatibak eskaini” zizkiela udalak, baina dirudienez ez zituzten onartu proposatu zizkieten baldintzak.

