Ategorrietako sarraskiak 95 urte: langileen aurkako Euskal Herriko sarraskirik bortitzena
Ategorrietako sarraskia gertatu eta berehala, tranbia bat irauli zuten Donostiako grebalariek Erdialdean. Kutxateka Gaurko egunez, duela 95 urte, 1931ko maiatzaren 27an, Ategorrietako sarraskia gertatu zen Donostian, XX. mendean gerra testuinguru batetik kanpo langileen aurka izandako sarraskirik bortitzena. Guardia Zibilak zazpi langile hil zituen tiroz egun hartan, Ategorrietako erlojuaren inguruan, baita beste hamarnaka langile zauritu ere. IRUTXULOKO HITZAk sarraski horren inguruko erreportaje zabala ondu zuen 2021ean, 90. urteurrenaren bueltan.
Pasaiako arrantzaleen bizi baldintzen okertze orokortuaren aurkako erreakzio gisara eman zen borroka prozesu guztia, grebalarien eskaerak hauexek zirelarik: 300 pezetako soldata Sole Handira eta Irlandara lan egitera zihoazenentzat, hamabost ordu baino gehiagoko lan egunik ez edukitzea eta astean behin deskantsurako egun bat edukitzea. Armadoreen erantzuna “garbia” izan zen hasieratik, eta grebalariekin adostasun batera iristeko ate guztiak itxi zituzten. Tentsioa igo ahala, Espainiako II. Errepublikako ordezkaria bitartekaritza lanak egitera behartuta agertu zen, baina argi utzirik egoerak eztanda egitekotan Errepublikaren “etsai” gisara hartuak izango zirela, eta beraz, “zigortuak”. Halaxe gertatu zen.
Maiatzaren 27an hainbat grebalari atxilotuak izan ostean, beraien askatasunaren eta grebaren aldeko aldarriekin milaka pertsona batu ziren Pasaiatik Donostiara egin zen manifestaziora. Zoritxarrez, ordea, manifestazioa ez zen helmugara iritsi. Guardia Zibila zain izan zuten Ategorrietan, eta hauek ez zuten zalantzarik eduki manifestarien aurka tiro egiteko, hamar hildako eta 33 zauritu izan zelarik ondorio lazgarria.
Ategorrietako sarraskian zazpi izan ziren guardia zibilek tiroz hil zituzten langileak: bi berehala hil ziren, lau ondorengo orduetan, eta beste batek ekainaren 2an galdu zuen bizia. Gazteenak 19 urte zituen, eta zaharrenak 34; sei galiziarrak ziren, eta bat Valladolidekoa (Espainia). Jose Carnes, Manuel Perez, Jose Novo, Antonio Barro, Julian Zurro, Jesus Camposoto eta Manuel Lopez ziren beraien izenak. Dozenaka zauritu izan ziren, eta tartean emakumeak ere baziren.
Oroitzapen ekitaldiak
Urteroko legez, hainbat oroitzapen ekitaldi egiten ari dira urteurrenaren bueltan, Donostian eta Pasaian. Hain zuzen ere, larunbatean, Donostiako Kontseilu Sozialistak ekitaldia egin zuen Pasaian eta Ezker Anitzak, EPK alderdiak eta Fato C. Galego Daniel Castelao eragileak igandean, Ategorrietako erlojuan. Bestalde, gaur, EH Bilduk lore eskaintza egingo du erlojuan 10:00etan, eta, 11:30ean, ekitaldi instituzionala egingo du Pasaiako Udalak Trintxerpen.
Horrez gain, Ategorrietako sarraskia gehiago ezagutarazteko komikia ondu berri dute Beñat Apalategik, Markel Ormazabalek eta Lander Arbelaitzek, Malen Gainzarainen ilustrazioekin: Ategorrietan Fisterra. Argitalpena Argia aldizkariarekin egin dute, eta libururako propio prestatutako bi abestiko soinu bandadun biniloa ere ondu dute. Niña Coyote eta Chico Tornado, Bala, Gailu eta Nakar taldeetako kideen parte hartzearekin egin dituzte kantak, Beñat Gaztelumendi bertsolariaren koplekin eta Anton Aviles de Taramancos poeta galiziarraren letrekin eginak.

