Luisitak eta Luisitok festa eskaintza zabala dakarte aurten ere Herrerara
San Luis eguna arte, hiru asteburuz luzatuko dira Herrerako jaiak. Hamar bat kidek eta inguruan duten sare zabalak aurrera eramango ditu askotariko jarduera ugariak. Ohikoaren zale diren seinale, egitura eta jarduerak mantendu dituzte aurten ere.
Kontzertuak dira jaien ikur nagusietako bat.Herrerako Jai Batzordea Ez bat, ezta bi ere. Hiru asteburu betetzen dituzte Herrerako jaiek. San Luis egunaren bueltan antolatuak badira ere, aurten, data horixe, hilaren 21a, izango da jaien amaierarena. Ordura arte, azken urteetako egitura jarraitzen duen jardueraz betetako egitaraua luzatuko da. «Ohiturakoak gara», aitortu du Ane Lazkano jai batzordeko kideak. Eta herreratarrak ere, antza. Arrakasta izaten jarraitzen baitute. Egitarau osoa hemen ikus dezakezue.
Lehen asteburua «kirolistikoa» da. Hau da, Mozkor Frentekideok-ek antolatutako kirol jarduerak dira nagusi, Larratxoko jaietara joateko gonbitarekin batera. Hurrengo bietan etorriko denaren aurrekaria besterik ez da, nahiz eta lehen egunetan egiteko dutena makala ez izan. Egitasmoak ostegunean, hilak 11, bueltatuko dira, jaien hasiera ofizialarekin. Elegante jantzita, Luisitak eta Luisitok pregoia esango dute eta suziriaren eztanda ondoko brindisak bide emango dio pintxo-poteari.
Haurren txupinazoa, berriz, hilaren 13an egingo dute, eta haiek Ene Kantak dantzan ikuskizunaz gozatzeko parada izango dute jarraian. Horrez gain, beste hamaika aukera zain dituzte, antolatzaileentzat «oso garrantzitsua» baita haurrek «beren txokoa» izatea: txokolate jatea, puzgarriak, apar festa, haur txokoak, gaztelekuak edota AltzaLore taldeak antolatutakoak, erraldoi eta buruhandiak….
Azken horiei dagokienean, gazte talde batek hartuko du ardura, jai batzordetik kanpo egongo den Herrerako konpartsa sortzeko lehen pausoak izango dira, beraz. Gazteei begirako ekitaldiak ere izango dira, noski. Esaterako, Olinpiar Jokoak edota Bizargorri tabernak antolatuta grafiti tailerra eta rap kontzertua.
Auzoa kokatu
Lazkanok azaldu duenez, auzoa egitea da jai batzordearen lan eskerga eta ahalegin handiaren ardatza. «Herrera periferiako auzo bat da eta kostatzen zaigu egunerokoan jendeak bizitza egitea auzoan, auzo euskalduna izaten. Guretzat bada merezi duen ahalegina», azaldu du Lazkanok. Are gehiago, jaiek bizilagun ez direnei non dauden kokatzen laguntzea, «pozgarria da», eta zailtasunak zailtasun, jaiak euskaraz egitea, «harrotasuna».
Auzotik kanpo ere jaiak ezagun egin dituzte kontzertuek. Hilaren 12an, EH Sukarra, Parabellum eta Potatok joko dute, baina emanaldi nagusi horiez gain, beste asko izango dira musika eskaintzan. Esaterako, Andoni Oilokiegi, Elektrobuiaka edota Sutargi. Lazkanok nabarmendu ditu ere «beste publiko bati zuzenduta» dauden Trebera taldearen Ziaboga kontzertua eta Donostiako Orkestra Barrokoarena.
Ezin aipatu gabe utzi 22 talde biltzen dituen paella lehiaketa, ardo dastaketa itsua edota Altzako Harria, aurten, Muxikatarrak, Ñoñostiarrak, Aaatraxtarrak, Emaion! eta Parte Zaharreko taldea lehiatuko dira.

