Oxigraf fabrikatik kaleratutako pertsonek «gutxieneko bizi baldintza duinak» eskatu dizkiote udalari
Kaleratuek haien egungo egoeraren berri eman dute, eta guztiek nabarmendu dute ez dutela udaleko gizarte langileekin hitz egin, alternatibarik ez zizkietela eskaini eta aldez aurretik jakinarazi gabe atera zituztela eraikinetik.
Hiritarron Harrera Sareak eta Oxigraf fabrikako hainbat kaleratuk agerraldia egin dute, Herreran. Inaxio Esnaola Aranzadi Hamabi egun pasatu dira Herrerako Oxigraf fabrika zaharra hustu eta hormatu zutenetik. Hamabi egun geroago, Hiritarron Harrera Sareak agerraldia egin du eraikin zaharraren aurrean, Oxigrafetik kanporatu zituzten hainbat pertsonekin batera. Hamabi pertsona bizi ziren han, eta horietako bostek hartu dute hitza.
Kaleratuek haien egungo egoeraren berri eman dute, eta guztiek nabarmendu dute ez dutela udaleko gizarte langileekin hitz egin, alternatibarik ez zizkietela eskaini eta aldez aurretik jakinarazi gabe atera zituztela eraikinetik. Horrela, “gutxieneko bizi baldintza duinak izateko alternatibak” eskatu dizkiote udalari. Hain zuzen ere, Jon Insausti alkateak ziurtaturikoa gezurtatu nahi izan dute. Izan ere, udalak kaleratuak gizarte langileen bidez artatu zituela esan zuen, eta alternatibak eskaini zizkietela.
Ukrainako Alejandro izan da hitz egiten lehena: “29 urte ditut eta duela lau urte iritsi nintzen Donostiara. Etxe bateko gela bat alokatu ahal izan nuen, eta horrela hiru urte eta erdi eman nituen hemen bizitzen. Autonomoa nintzen, eta nire kabuz arriskatzea erabaki nuen lan munduan, baina ez nuen asmatu. Alokatua nuen gela utzi behar izan nuen ordaintzeko dirurik ez nuelako, eta kalean bukatu nuen. Duela gutxi arte, hemen bizi nintzen, baina bertatik bota ninduten aurrez jakinarazi gabe eta alternatibarik eman gabe. Zorionez, aste honetan lana topatu dut, eta lotarako leku bat ordaindu ahal izango dut”.
Marokoko M.F. izan da bere testigantza eman nahi izan duen bigarrena: “40 urte ditut eta urtebete pasa daramat Donostian bizitzen. Integratzeko asmoarekin eta lanpostu bat lortzeko, gaztelania ikasi nuen eskola batean. Orain, elektrizitate ikasketak egiten ari naiz. Hainbat lanetan ibili naiz eta diseinatzaile grafikoa naiz. Nire aita eta ama ardurapean ditut, eta soilik duin bizitzeko aukera bat da eskatzen dudana. Ez dut kalean bizi nahi eta ez du arrazismoa pairatu nahi. Hirugarren aldia da kaleratzen nautena, Martuteneko Agustindarren eraikinean bizi zenetako bat nintzelako”.
Casablancan (Maroko) jaiotako A.A. izan da hitz egin duen besteetako bat: “48 urte ditut eta gidari profesionala naiz. Europara duela hamar urte iritsi nintzen, eta Donostian bi urte eta erdi daramatzat bizitzen. Beti bizi izan naiz kalean. Hemen bizi eta lan egin nahi dut, Donostia gustuko dudalako eta baita hiriko jendea ere. Bizitzeko eta ikasteko leku finko bat behar dut”.
Beste bi kaleratuk ere kontatu nahi izan dute bizi duten egoera. Zakariak, esaterako: “Oxigrafen bizi nintzen, eta polizia hiru aldiz etorri zen eraikina miatzera eta gu identifikatzera. Goizeko lauetan izan zen bisita horietako bat. Ez dut ezer lapurtu eta ez dut arazorik sortu. Beraz, zergatik tratatzen naute horrela?”. Antzera hitz egin du S.R. gazteak ere: “Erregularizazio prozesuan nago, eta gogotsu nago gaztelania ikasteko eta hemen lan egiteko. Bigarren aldia da Herrerako pabiloietatik kaleratzen nautela”.

Oxigraf fabrika zaharra hormatua dago, eta ezin da barrura sartu kaleratuek dituzten gauzak hartzera.Inaxio Esnaola Aranzadi
Galera pertsonala
Ainhoa Unanuek hitz egin du Harrera Sarearen izenean, eta udalaren jarrera kritikatu du: “Han bizi ziren pertsonentzat eguneroko bizitzan kalte handia eragiteaz gain, intimitaterako espazioa, ondasun pertsonalak, dokumentazio garrantzitsua eta ikasketa materiala galtzea eragin diete”. Horrekin batera, gogoratu du kaleratutako pertsonak udaleko gizarte zerbitzuen hurbilketaren zain daudela. “Guztiek adierazi digute beren borondatea hain gogorra den egoera horretatik ateratzeko”, nabarmendu du.
Une honetan, kaleratuek bizitoki baliabide batera sarbidea izatea “premiazkoa” dela adierazi du Unanuek: “Kontuan hartu behar da kaleratuetako lauk abian dagoen erregularizazio prozesuan daudela murgilduta, eta bostek hizkuntza ikastaro edo ziurtagiri profesionalerako formakuntzak amaitzear dituztela. Gainera, kaleratutako gazte batek egoitza eta lan baimena dauka, eta gaur egun eraikuntzako langile gisa ari da lanean”.
Harrera Sareak, batez ere, M.F. pertsonaren egoera deitoratu du. “Zaurgarritasun egoera berezia bizi du. Izan ere, azken hilabeteotan hainbat aldiz kaleratu dute: Martuteneko Agustindarren eraikinetik, Herrerako pabiloi batetik eta Oxigraf fabrikatik”, azaldu du Unanuek.
Horiek horrela, udalari eskatu diote eskuragarri dauden baliabideak berrikusteko, La Sirena aterpetxea kasu, eta dagoeneko existitzen diren gizarteratze ibilbideetara batzeko aukera emateko aipaturiko pertsonei.

