«Zer egin begira ez banabil, normalean argazkiak egiten nabil»
'Gordeleku' proiektua aurkeztu du Aitor Erkizia 'Erki' (Amara Berri, 2002) argazkilariak. Erakusketa batean jaso ditu gehienbat Euskal Herriko mendietan eta paisaietan egindako argazkiak, eta Club Vasco de Camping elkartearen egoitzan ikus daiteke.
Aitor Erkizia 'Erki' argazkilaria.Inaxio Esnaola Aranzadi Zein da zure gordelekua?
Aiako Harria eta Ernio. Mendi horietara joaten naiz normalean, eta denbora asko pasatu izan dut bietan. Dena dela, bietatik bat aukeratu beharko banu, Ernio izango litzateke. Bestalde, niretzako gordeleku bat da jendearengandik bakartzeko leku bat. Hiriaren zaratatik eta erritmo azkarretik ihes egitea gustatzen zait. Horregatik, mendira joan ohi naiz, han beti lasai nagoelako. Argazki kamerarekin joaten naiz gehienetan, baina baita ibiltzera eta lekuak ezagutzera ere.
Eta zer da mendia zuretzako?
Ihesbide errazena. Behar dudan hori eskaintzen dit mendiak: kirola, natura, lasaitasuna, bakardadea… Asko gustatzen zait mendira bakarrik joatea. Mendia etxea da niretzako. Ordu asko pasatzen ditut ibiltzen, eserita, animaliak itxoiten, ilunabarrak ikusten…
Beraz, bakarrik joatea nahiago duzu?
Gehienetan, bai. Beste norbaitekin joanez gero, nire asmoak aldatu ditzake. Argazki konkretu bat ateratzeko asmoarekin joaten banaiz, konpainiak nabarmen baldintzatu dezake. Horrek ez du esan nahi konpainiarekin ere ondo moldatzen ez naizenik.
Mendian konturatzen omen zara zein txikiak garen. Zer dela eta?
Orain, animaliei argazki gehiago ateratzen hasi naiz. Naturari gehiago erreparatzen diot. Iruditzen zait animalien bizitzarekiko ez dugula gertutasunik, eta zer gutxi dakigun haietaz. Mendira bakarrik noanean, ez nago sekula bakarrik. Beti dago animaliaren bat inguruan libre. Bestalde, hirian munduko erregeak garela sentitu ohi dugu, baina mendi tontor baten gainean nagoenean inurri baten pare sentitzen naiz.
Mendiko argazkilaritza lantzen duzu. Zehazki zer dela esango zenuke edo izan beharko lukeena?
Niretzat, paisaiak erretratatzea da, plano orokorrak, batez ere. Ez naiz detaile txikitan geratzen. Paisaia oso bat erretratatu ohi dut. Horrez gain, naturarekiko eta mendiarekiko sentsibilitate handia behar duzu argazkiak ateratzerako orduan. Argazki bat lortzeko ezin duzu ingurua manipulatu. Ezin duzu atun lata bat jarri, animaliaren bat erakarri eta haren argazkia ateratzeko. Paisaiarekin antzera, argazkilaria da momentu bakoitzera egokitu behar dena.

Argazki bilduma esanguratsua Club Vasco de Camping elkartearen egoitzan ikus daiteke.Inaxio Esnaola Aranzadi
‘Gordeleku’ proiektuak bi formatu ditu. Zeintzuk dira?
Batetik, erakusketa, gaurtik ikus daitekeena. Bestetik, dokumental bat borobiltzen ari naiz, eta urtea bukatu baino lehen estreinatzea gustatuko litzaidake. Proiektua bibak edo gaua mendian pasatzearen esperientziarekin lotuta abiatu nuen. Euskal Herriko mendi altuenetan bibak esperientzia neguan bizitzea erabaki nuen, ilunabarretako eta egunsentietako koloreekin argazkiak atereaz.
Duela gutxi konturatu nintzen, neguko bibak saiakera batean, prozesua bera dela garrantzitsua. Helikoptero bat etorri zen gure bila Hiru Erregeen Mahaia mendira, lagun batek peronea hautsi zuelako, tontorretik bi kilometrotara geundela. Baldintzak oso onak ziren argazkiak egiteko, baina… buelta eman behar izan genuen. Etxera bidean konturatu nintzen Gordeleku saiakera guztien emaitza dela, eta ez buruan duzun argazki hori ateratzea.
Erakusketako argazki guztiak Euskal Herrikoak dira?
Gehienak, bai, baina badira Pirinioetako eta Finlandiako paisaien argazkia batzuk ere. Izan ere, lau hilabetez Finlandian bizi izan nintzen. Etxetik ordu erdira laku izoztu bat zegoen, eta lanetik aterata, hara joaten nintzen arnasa hartzera.
«Begirada gelditzeko» gonbita egin nahi duzu. Zergatik?
Azken urteotan, sare sozialei begira mugikorrarekin ateratzen ditugun argazkiekin, sentsibilitatea galdu dugu argazki horiekiko. Horren aurrean, jendeari erakutsi nahi diot zer dagoen argazki bakoitzaren atzean. Lehen begi kolpean, mendi sinple bat ikus daiteke, eta jendeak pentsa dezake hara joan naizela, kamera atera dudala, argazkia atera eta etxera bueltatu naizela. Ordea, argazki horren atzean saiakera asko daude, gaua han pasatzea eta beste.
Urteko 365 egunetatik zenbat pasatzen dituzu argazkiak ateratzen?
Gehienak, egia esan. Azken batean, Gordeleku da egunero bizitzeko nire modua. Egunero begiratzen dut asteburuko eguraldiaren iragarpena, ona ala txarra egingo duen, nora joan naitekeen… Nire arratsalde libre gehienetan, zer egin begira ez banabil, normalean argazkiak egiten nabil.

