Donostia Arraun Lagunak-ek laugarren ikurrina astindu du
Gizonezkoetan, Orio izan da txapelduna eta Donostiarra txapeldunordea. Beteranoetan, berriz, Badok 13 ontziak irabazi du eta Fortuna laugarren sailkatu da.
'Lugañenea' ontzia Euskadiko Traineru Txapelketa irabazi berritan, Getarian.Euskal Arraun Federakuntza Bitik bi eskuratu ditu Donostia Arraun Lagunak-ek. Gipuzkoako Traineru Txapelketa irabazi ondoren, Euskadikoa ere eskuratu zuten atzo, Getarian. Hain zuzen ere, Tolosaldea iazko txapelduna mendean hartuta astindu zuten haien palmareseko laugarren ikurrina.
Lugañenea ontziak aise gainditu zituen bigarren txandako gainerako lehiakideak —San Juan, Kaiku eta Deustu—, eta bederatzi bat segundoko aldea atera zion Tolosaldeari, sailkapen orokorrean. Euskotren ligaren atarian —hilaren 28an hasiko da—, argi geratu da zeintzuk diren traineru indartsuenak.
Sailkapena
1. Donostia Arraun Lagunak 11:21.81
2. Tolosaldea 11:31.11
3. San Juan 11:36.62
4. Hondarribia 11:39.32
5. Kaiku 12:07.75
6. Ondarroa 12:14.89
7. Deustu 12:15.56
8. Lekittarra 12:25.5
Gizonezkoetan, Oriok irabazi zuen Euskadiko Traineru Txapelketa, Donostiarrari gaindituta, beste behin ere. Bigarren txandan aritu ziren biak, eta San Nikolas ontziak estropada bikaina egin behar izan zuen Torrekua II gainditzeko. Traineru eskaseko aldearekin iritsi zen helmugara Donostiarra, eta agerian utzi dute sasoi puntu onean hasiko dutela Eusko Label liga —emakumezkoen antzera, hilaren 28an—.
Sailkapena
1. Orio 20:44.24
2. Donostiarra 20:47.63
3. Hondarribia 21:04.45
4. Getaria 21:05.76
5. Zierbena 21:06.46
6. Bermeo 21:12.00
7. Lekittarra 21:25.00
8. Santurtzi 21:44.24
Azkenik, beteranoetan, Badok 13 trainerua izan zen txapelduna, eta Fortuna donostiarrek laugarren tokian bukatu zuten.

