Gedna Capel pibote kataluniarra fitxatu du Ibaeta Basketek
Gedna Capel pibotea Mallorcan aritu da azken bi denboraldietan. Ibaeta Basketek taldea indartzeko asmoa iragarri zuen, eta dagoeneko 2026-2027ko denboraldirako hirugarren fitxaketa egin dute. Gedna Capel pibote kataluniarra Donostiako taldean ariko da datorren sasoian.
Capelek 24 urte ditu eta 1,85 zentimetroko garaiera. Azken bi denboralditan Mallorcarekin aritu da, eta haientzat jokalari garrantzitsua izan da emakumezkoen lehen mailara igotzeko. Pasa den sasoiko partida guztiak jokatu ditu, batez beste 20 minutu jokatuz partidako. Aldiz, 9 puntu eta 6 errebote lortu ditu neurketa bakoitzeko.
Bartzelonako Sant Adria taldean hasi zuen kirol ibilbidea. Gerora, Mataro eta Extremadurako Al Qazeres taldeetan aritu zen. Erakutsitako maila onari esker, Mallorcak fitxatu zuen, eta, orain, Ibaeta Basketen ariko da. “Gaztea izan arren, eskarmentu handia du estatuko saskibaloian. Bere indar saskiratzaile eta erreboteatzaileak eta jokoan duen aldakortasunak baliabide gehiago emango dizkiote klubari barneko jokoan”, adierazi du klubak.
Beste bi fitxaketak, berriz, Sacha Washington eta Imani Tate dira, eta beste zazpi jokalari hauek jarraituko dute Donostian: Maria Eraunzetamurgil donostiarra, Irene Murua, Itziar Ariztimuño, Veronika Remenerova, Paige Robinson, Lara Gonzalez eta Khadija Faye.

