Jon Insaustik «donostiarren garaipen gisa» ospatu du zerga turistikoaren onarpena
Jon Insausti alkatea, udaletxeko prentsa aretoan.Donostiako Udala Gipuzkoako Batzar Nagusiek gaur onartu dute turismoaren gaineko zerga araua, eta Jon Insausti Donostiako alkateak positibotzat jo du: “Aldarrikapen historikoa eta iraunkorra da Donostian, hiriari bere errealitate turistikoa hobeto kudeatzeko baliabide gehiago emateko beharrari erantzuten diona”.
Alkateak nabarmendu duenez, zerga honekin “Donostiak irabazten du eta donostiarrek irabazten dute, garapen turistikoak tokiko bizi kalitatea hobetzen lagundu behar duela sinesten dugulako”. Bestalde, gogorarazi nahi izan du zerga hau urteetako lanaren eta hiriaren apustu argi baten emaitza dela: “Donostiak bultzada eman du tresna hori egon dadin”. Horrela, “donostiarren garaipen gisa” ospatu du erabakia.
Insaustik azaldu duenez, zerga “turismoak eguneroko bizitzan duen eragina hobeto kudeatzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko da. Hiriaz gozatzen dutenek hiria hobetzen ere laguntzea zentzuzkoa da. Donostia partekatzeko hiria da, baina, batez ere, bizitzeko hiria izan behar du”. Horrez gain, herritarren bizi kalitatea babestera bideratutako hainbat erabakiren esparruan kokatu du zerga honen onarpena: “Hotel berriak irekitzea mugatzea, etxebizitza turistikoen ikuskapena indartzea, bisita gidatuak arautzea eta bizikidetzaren eta kalitatearen aldeko apustu garbia egitea”.
Azkenik, alkateak adierazi du tresna hori edukitzea Europako beste hiriburu batzuek “turismo eredu orekatu baten alde” egiten dituzten apustuekin bat egiten duela.

