Koparekin argazkia doan atera ahalko da, baina aurrerago
Txurdin apirilaren 18an irabazitako koparekin, La Cartuja zelaian.Reala Realak ohar bat plazaratu du ekainaren 19an inauguratuko duen Guazen Koparekin ordainpeko erakusketak jasotako kritikengatik. Izan ere, bazkideak eta zaleak haserre agertu dira klubak erakusketaren sarrera kobratuko duelako. Hori dela eta, apirilaren 18an Sevillan irabazitako Espainiako Koparekin argazkia doan ateratzeko aukera eskainiko dute, baina aurrerago.
Anoetan jarriko duten erakusketari dagokionez, xehetasun gehiago eman dituzte ordainpekoa izatea justifikatzeko: “Gure historiako kirol mugarri handien erakusketa bat da, eta, bereziki, La Cartujan lortutako azken tituluarena. Hala ere, erakusketan aurretik lortutako lau kopak ere erakutsiko dira, ligako eta Superkopako titulu historikoekin batera, gure historiako arrakasta handienetako batzuen ikuspegi orokorra eskainita”.
La Cartujan lorturiko kopak leku “nabarmena” izango du erakusketan, eta bisitariek garaikurraren ondoan argazki bat egin eta eraman ahal izango dute, oroigarri moduan, eta bisitan zehar argazkiak egiteko aukera ere izango dute. “Klubak ilusio handiarekin lan egin du proposamen honetan eta ziur gaude erakusketa oso esperientzia hunkigarria eta bisitatzen duten pertsona guztien gustukoa izango dela”, adierazi du klubak.

