Atotxa Munduko Kopatik at utzi zuten EAJk eta HBk
1982koa errepikatuko ote da 2030eko Munduko Futbol Txapelketan? Orduan, Donostian ez zen partida ofizialik jokatu arrazoi logistiko eta politikoengatik. Lau urte barru, Anoeta egoitzetako bat izan daiteke.
Michel Platini eta Inaxio Kortabarria Atotxan, 1982ko ekainaren 11n.Kutxateka Hasi berri da AEBetako, Kanadako eta Mexikoko Munduko Futbol Txapelketa. Euskal erakundeek, ordea, denbora daramate 2030ean Espainiak eta Portugalek elkarrekin antolatuko dutenari begira. Ekainaren hasieran, Bilbo-Donostia egoitza bateratuaren proposamena helarazi zioten FIFAri, «baldintza zorrotzengatik» zalantza asko agertu arren. Batez ere, Jon Insausti Donostiako alkate jeltzaleak.
Egoitza bateratua ontzat jotzen badu FIFAk, Donostiara historian lehen aldiz iritsiko da Munduko Kopa. Bestela, 1982an gertaturikoa errepikatuko da. Espainiak antolatu zuen urte hartako Munduko Kopa, eta Donostia egoitzetako bat izatea proposatu zioten Realari eta Donostiako Udalari. Dena dela, Atotxa futbol zelaiak ez zituen FIFAk ezarritako baldintza logistikoak betetzen —esaterako, gutxieneko edukiera—. Horren aurrean, Jose Luis Orbegozo orduko Realeko presidenteak, lursail batzuk erosi zituen Zubietan –egungo kirol instalazioak dauden lekuan—, eta estadio berria han eraikitzea proposatu zuen.
125 milioi pezeta
Donostiako Udalaren esku geratu zen estadio berriaren proiektua. Izan ere, 125 milioi pezetako inbertsioa egin behar zuen udalak, eraiki ahal izateko. Horrek zalantzak eta desadostasunak sortu zituen udal taldeen artean, eta osoko bilkura batean argitu zuten afera.
EAJk eta Herri Batasunak futbol zelai berria eraikitzearen kontra egin zuten, eta boto bakarreko aldearekin irabazi zuten bozketa. Aldiz, estadio berria egitearen alde agertu ziren Euskadiko Ezkerra, PSOE eta Coordinadora Independiente —UCD alderdiarekin loturikoa—. Ondorioz, 1979ko uztailaren 17an, Jesus Maria Alkain orduko alkate jeltzaleak Munduko Koparen talde antolatzaileari jakinarazi zion Donostiak uko egiten ziola egoitza izateari.
Beraz, Atotxan ez zen Munduko Kopako partidarik jokatu, baina bai lagunarteko ahaztezin bat. 1982ko ekainaren 11n, Munduko Kopa hasi baino bi egun lehenago, Reala eta Frantziako selekzioa elkarren aurka aritu ziren. Txuri-urdinek ordezko jokalari askorekin jokatu behar izan zuten, esanguratsuenak Espainiako selekzioarekin zeudelako. Partida frantziarrek irabazi zuten (1-3), Munduko Kopa ez bezala.

