Jai giroan murgilduta, auzunea biziberritzeko eta josteko 48 ordu
Lau urte dira Buenavistako auzo elkarteak garai batean inguruan egiten ziren jaiak berreskuratu zituela. Hala, bizilagunen arteko harremanetan sakontzeko aukera eta tokian bertan egiteko jarduerak ez dira faltako gaurtik igandera bitartean.
Ibilbide laburra izan arren, festak egonkortu direla uste dute antolatzaileek.Buenavistako Jai Batzordea Asteburu luze eta beteko jaia da Buenavistakoa. Logela auzune izaera gainditu, guneari bizitasuna eman, eta bizilagunen arteko harremana estutu nahian, 2022an berreskuratu zituzten ekainaren 13an den San Antonio egunaren bueltako festak, bi hamarkadako etenaren ondoren. Aurtengoak bertan dira. Gaur iluntzean eztanda egingo duen txupinazoak piztuko ditu jaiak eta jardueraz betetako 48 ordu geroago itzaliko dira, urtebetez. Egitaraua hemen.
Funtsean, aurreko urteen egitura mantenduko dute, aldaketa txiki batzuekin. Esaterako, Donostia Kulturak, pailazoak beharrean, Munduari itzulia 80 egunetan antzezlana ekarriko du. Halaber, udalaren Aurrekontu Parte Hartzaileak programari esker, ping-pong eta saskibaloi kantxak eraiki dituztela aprobetxatuta, ping-pong txapelketa antolatu dute. Saskibaloikorik ez dute egingo, lanak aurreikusitakoa baino gehiago luzatu direlako; baina datorren urtean txapelketa hori ere barneratzeko asmoa dutela adierazi du jai batzordeko kide Diego Moranek.
Aurrekoetan bezala, herri afaria egingo dute gaur, norberak berea eramanda. «Bakoitzak bere janaria jaisten du etxetik, izan kazolak, pizzak zein ogitartekoak, eta oso giro sanoa sortzen da», argitu du Moranek. Aurten, lehenengoz, gaia jarri diote: 1980ko hamarkada. Hala, ondoren, Osto DJ-ak girotutako festa egingo dute, hain zuzen ere, hamarkada horretako musikaz betea. Hori dela eta, auzotarrak mozorrotzera animatu ditu jai batzordeak.
Haurrak, ardatz
Jarduerak aukeratzerakoan, batez ere, haurrak hartzen dituzte kontuan. Horregatik, txikienek ez dute aspertzeko aukerarik izango datozen egunetan: buruhandiak hiru egunetan irtengo dira, jolasak, apar festa, txokolate jatea, txiki diskoa… Gaur bertan Julen magoaren Xiñesteziña ikuskizunarekin txunditzeko parada izango dute.
Hiri kanpoaldeko auzo berri hau lo auzoa da funtsean. Ez dauka merkataritza handirik, baina dagoen apurra buru-belarri inplikatzen da jaietan. Elkarlan hori ezinbestekoa da auzoa pixka bat aktibatzeko eta giroa sortzeko. Adibidez, tailerrak argindarra jartzen die antolatzaileei eta masaje zentroak bingoan zozkatzeko abonuak eman dizkie. Berrako adinekoen egoitzak ere beti jartzen du bere aletxoa, oraingoan, larunbat arratsalde parteko afari-meriendarako txorizoa eta hirugiharra ordainduko ditu. Sardinak prestatu izan dituzte parrillan, baina aurten beste aukera horren alde egin dute, eta harrera ezin hobea izatea espero dute.
Hazi eta bizi
Ibilbide laburra izan arren, Buenavistako jaiak egonkortu dira eta auzotarren artean ikusmina eragiten dute. Hala, apiriletik aurrera etorriko denari buruz galdetzen hasten omen zaizkiela gogoratu du Moranek. Auzo elkartearen barruan, hiru lagun arduratzen dira egitarauaren antolaketaz, baina, gero, jarduerak aurrera eraman behar dituztenean, ez zaizkie falta izaten laguntzeko prest dauden eskuak. Hain zuzen ere, inplikazio hori da, Moranen esanetan, behar handienetako bat, jaiez harago ere, «auzoari buelta bat emateko, haz dadin eta bizitza pixka bat gehiago izan dezan».
Harremanak estutu eta elkarrekin ospatzeaz gain, asteburu luze hau auzo elkartearen lokal berria ezagutzera emateko ere baliatuko dute.

