Aldakonea eremuan 185 etxebizitza libre, 57 tasatu eta babes ofizialeko 45 eraikiko dituzte
Kutxa Fundazioak eta Donostiako Udalak Egiako hiri berroneratze proiektu berriaren xehetasunak aurkeztu dituzte, eta lanak 2028an hastea aurreikusi dute.
Aldakonea magaleko hiri berroneratze proiektu berriaren simulazioa.Kutxa Fundazioa Egiako Aldakonea eremuko hiri berroneratze proiektu berria aurkeztu dute Kutxa Fundazioak eta Donostiako Udalak. 285 etxebizitza berri inguru eraikiko dituzte, ingurune jasangarriago eta inklusiboagoa batekin; espazio berde berriekin, oinezkoentzako ibilbideekin eta irisgarritasuneko hobekuntzekin.
Onkologikoa lekuz aldatu ondoren, Aldakoneako magalaren zati bat berritzeko proposamenaren xehetasunak eman dituzte Jon Insausti Donostiako alkateak eta Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendari orokorrak. Bizitegi kopurua eta mota aldatu dituzte, eta eremuaren irisgarritasuna bermatzeko neurriak aurreikusi dituzte.
Hain zuzen ere, plan berriak etxebizitza eskaintza zabaltzeko aukera emango duela nabarmendu dute. Esan moduan, 285 etxebizitza berri inguru eraikiko dituzte, eta eskaintza publikoa %58koa izango da, ezarritako gutxienekoa baino handiagoa. Izan ere, Kutxa Fundazioaren patronatuan EH Bilduk eta PSE-EEk haien ordezkarien gehiengoa baliatu zuten Aldakonean ahalik eta etxebizitza publiko kopuru handiena eraikitzea sustatzeko. Horrela, udalak hiri berroneratze proiektua aldatzea onartu zuen. “Proiektu hau ekaineko osoko bilkurara eramateak adierazten du donostiarrentzat irtenbideak bizkortu nahi ditugula, proiektu ausart, berritzaile eta asmo handikoen bidez. Aldakonea adibide ona da, ohiko estandarretatik harago doan etxebizitza babestuaren aldeko apustuarekin eta Donostiako klase ertain zabalaren beharrei erantzuten dien tipologia anitzarekin”, adierazi du Jon Insausti alkateak.
Kontuak kontu, babes sozialeko 45 etxebizitza eta 52 etxebizitza tasatu eraikitzea aurreikusi dute, baita 30 zuzkidura bizitoki ere. Era berean, garapenak eremuan egun dauden bizitegiei “modu ordenatuan eta errespetuz erantzutea” aurreikusten du, gaur egun bertan bizi diren pertsonek etxebizitza berriak proiektuarekin bat datozen baldintzetan eskura ditzaten ahalbidetuz. Horrela, eraitsiko diren 57 etxebizitzari beste bizileku bat ematea aurreikusi da, eta beste bizileku bat emateko etxebizitza babes publiko tasatuko etxebizitzatzat hartuko da. Bestalde, aldaketa honek Nazaret, Aldakonea egoitza eta San Antonio villa eraikuntza finkatzea aurreikusten du.

Jon Insausti Donostiako alkatea eta Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendari orokorra, Aldakonea magalaren aurrean.Donostiako Udala
Ingurune berdeagoa
Aldakonearen eraldaketak ingurune “atseginagoa, berdeagoa eta osasungarriagoa” sortzea ahalbidetuko duela nabarmendu dute, “topaketarako, aisialdirako eta elkarbizitzarako espazio berriekin”. Proiektuak landaredi eremuak zabalduko ditu, eta haur parkeak, atseden eremuak eta egoteko lekuak gehituko ditu, auzokideen gozamenerako pentsatuak. Guztira, 7.198 metro karratu egokituko dira berdeguneetarako, eta 361 zuhaitz berri landatuko dira, ingurunearen ingurumen eta paisaia kalitatea hobetzen laguntzeko.
Horrez gain, proiektu berriak auzoko irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetuko ditu. Eremuak igogailuak, ibilbideak eta oinezkoentzako pasabide irisgarriak izango ditu, eta espaloiak zabaldu eta egokituko dira, pertsona guztien joan-etorriak errazteko. Jarduera horretan, bizikletentzako 440 plaza eta aparkatzeko 900 plaza egongo dira, eta auzoko zirkulazioa hobetuko da.
Gainera, proiektuak 8.000 metro karratu inguru izango ditu hirugarren sektoreko erabileretarako, eta zerbitzuak, jarduera ekonomikoa eta hurbileko merkataritza ezartzeko aukerak sortuko ditu, auzoaren autonomia eta bizitasuna indartuz. Horrez gain, saneamendu eta drainatze sareak berrituko dira, eta hiri azpiegiturak modernizatzen eta espazio publikoaren kalitatea eta funtzionaltasuna hobetzen lagunduko da.
Hurrengo urratsak
Aldakoneako proiektuak aurrera jarraituko du datozen hilabeteetan, aurreikusitako hirigintza tramitazioaren arabera. Aste honetan, Plan Orokorraren eta Plan Bereziaren aldaketari hasierako onarpena emango diote ekaineko udalbatzarrean, eta 2027rako onarpena osatzea aurreikusten da. Ondoren, eremuaren antolamendua eta urbanizazio proiektua garatuko dira. Obren hasiera geroagoko fase batean kokatu dute, 2028 inguruan.


