Bentaberriko 510 etxebizitza babestuen kalifikazioa «iraunkorra» izatea eskatu dio udalbatzak Eusko Jaurlaritzari
Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzetako hainbat familia, iragan martxoan.Alokairu Bi urte barru, 2028ko azaroan, Bentaberriko babes ofizialeko 510 etxebizitzak merkatu librera pasatuko dira. Ondorioz, etxe horien jabe den Testa Homes (Blackstone) putre funtsak nahieran igo ahal izango ditu alokairuak. Hori gerta ez dadin, Alokairu maizterren elkarteak erakunde publikoen laguntza beharko du.
Testuinguru horretan kokatu behar da Donostiako Udalbatzak ekaineko udalbatzarrean onarturiko mozioa. Eusko Jaurlaritzari eskatu diote beharrezkoak diren arau aldaketak susta ditzala, Bentaberriko etxebizitza babestuen kalifikazioa “iraunkorra” izan dadin, alde batera utzita hirian tentsio handiko eremuaren izendapena indarrean egon ala ez.
EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztu dute mozioa, eta EH Bilduren zuzenketa bat aintzat hartu dute. Hiru alderdi horiek eta Elkarrekin Donostiak babestu dute eskaera, eta PP abstenitu egin da. Gogoratu behar da pasa den astean Eusko Legebiltzarrak tentsio handiko eremuetan etxebizitza babestuen kalifikazioa luzatzearen aldeko mozioa onartu zuela. Luzapen horretatik harago jotzea da udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eskatu diona.
2003. urtetik, babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazioa iraunkorra da, baina salbuetsita daude Bentaberriko Jose Maria Sert plazan dauden alokairuko 510 babes publikoko etxebizitzak. Izan ere, ez zaie gaur egungo araudia aplikatzen, eta 2028an orain daukaten kalifikazioa galduko dute. Horren ondorioz, alokairuak merkatu librera pasatuko dira, eta horrek berekin ekar dezake familia maizterrek beren etxea “isilik” utzi behar izatea.

