Altzako Eraikuntzaren institutuaren lursaila «ekipamenduetarakoa» izango dela dio alkateak
Ekialdeko Barrutiko hamazazpi elkartek Jon Insaustiri eskatu diote eraikina botatzeko lanak gelditzeko, "etorkizuneko erabileraren planteamendu bat egiten den arte".
Jon Insausti alkatea, udaletxeko prentsa aretoan.Donostiako Udala Donostiako Udalak ekainaren 23an eman zion Kutxa Fundazioari baimena Altzako Eraikuntzaren institutua eraisteko. Gutxira hasi ziren eraikina botatzen, eta idatzi baten bidez lan horiek gelditzeko eskatu diote Jon Insausti alkateari Ekialdeko Barrutik hamazazpi elkartek. Udalak iragarritako berroneratzea zehazteko eta partzela horren etorkizuneko erabilera zein izango den argitzeko eskatu diote. Izan ere, lursailean etxebizitza libreak eraikitzeko aukera dagoela ohartarazi dute. Gainera, deitoratu dute eraikin bat ez okupatzeko, eraistea jasanezina dela.
Horren aurrean, Insaustik udalak harturiko erabakia babestu du. “Proiektu bat aurkeztean, alde bateko eta besteko iritzia sortzen dira, eta normalean kontrakoek izaten dute oihartzuna. Altzako bizilagunekin hitz egiterakoan, berroneratzearen alde daudenak topatu ditut”, adierazi du. Lursailaren etorkizuneko erabilerari dagokionez, alkateak esan du ez dela etxebizitza garapen pribaturik egingo: “Ekipamenduetarako partzela bat da, eta horrela mantenduko dugu”.
Alkateari idatzia bidali dioten hamazazpi elkarteak dira Altza XXI, Herripe, Gure Bidea elkartea, Altzania Elkartea, Plazandreok, Osteguna Elkartea, Bizarrain, Oleta auzo elkartea, Buenavista auzo elkartea, Intxaurrondo Berri E.E., Showtime, Lodabe, Ostadar, Elkartasuna, Altzako Historia Mintegia, Elkarte Berri eta IZBE.
Kutxa Fundazioak lursailari eman ahal dion erabilerarekin mesfidati agertu dira: “Kutxa Fundazioak ekipamendua bizitegi erabilera pribatura birkalifikatu nahi badu eta udalak baimena ematen badu, Altzaren degradazioari beste buelta bat ematen lagunduko du, alkateak prentsan saltzen duenaren guztiz kontrakoa. Izan ere, zer konpromiso dakar ekipamendurako ondarea suntsitzeak? Oinarririk gabekoa da okupazioa saihesteko dela oinarritzea, ez da sostengatzen eta iraingarria ere bada”.
Horrekin batera, mezu zuzena helarazi diote alkateari: “Altzaren berroneratzea gidatu nahi baduzu, has zaitez eraikinaren etorkizuna planteatzen gizarte beharretatik eta hirigintza politika orekatu, kohesio eta jasangarritik abiatuta, eta altzatarren parte hartzearekin”.

