150 urte Indalezio Bizkarrondo 'Bilintx' Donostiako bertsolari handia zendu zenetik
Bilintxen hilobia, Polloeko hilerrian. Irutxuloko Hitza Gaurko egunez, duela 150 urte, 1876ko uztailaren 22an, Indalezio Bizkarrondo Bilintx (Donostia, 1831-1876) bertsolari donostiarra zendu zen. Euskal Herriko bertsolari eta olerkari handienetako bat izan zen Bilintx.
Bizitza oso gogorra eduki zuen Bilintxek. Besteak beste, gaztetan izandako istripu baten ondorioz aurpegia desitxuratu zitzaion eta karlistek botatako granada batek larri zauritu zuen, bere etxean zegoela. Hala ere, bere umore finak, euskararen alde egindako lanak, liberalismoarekiko konpromisoak eta maitasunaren gazi-gozoez idazteko sentikortasunak Euskal Literaturaren ahots erromantiko sinesgarriena bihurtu zuten Bilintx.
Antzoki Zaharrean lan egin zuen urte luzez Bilintxek, baita bertan bizi ere; horregatik, antzokiaren ondoko kalexkak bere izena darama. IRUTXULOKO HITZAk bere bizitzaren errepaso zabala egin du berriki, bere heriotzaren 150. urteurrenaren bueltan. Horrez gain, Beñat Gaztelumendi bertsolari donostiarrak, hedabide honek eskatuta, hari buruzko hausnarketa ederra ondu duela bi aste; hemen irakur dezakezue. Azkenik, hedabide honek eskatuta baita ere, Bilintxi Balantxa Donostiako bertso elkarteak bertso bat eskaini zion Bilintxi; beheko bideoan entzun dezakezue.

