Kaleko afari solidarioen aferari irtenbide adostu bat emateko mahai bat sortzea proposatu du EH Bilduk
Jon Insausti alkateak urte politikoari buruzko gosari informatibo bat egin du goizean, eta "onkeriatik eta populismotik ateratzeko" eskatu die debekuarekin kritiko agertu direnei.
KAS boluntario taldeak udalaren debekuaren berri izan ostean udaletxearen aurrean egindako prentsaurrekoko irudi bat.Beñat Parra Donostiako Udalak kaleko afari solidarioak debekatu izanarekin oso kritiko agertu zen EH Bildu asteartean, eta horren inguruko iradokizuna erregistratu du alderdiak udalean, debekuaren aurrean zenbait neurri proposatuz. Hain zuzen ere, mahai bateratu bat sortzeko proposamena egin du EH Bilduk, irtenbide integralak bilatzeko.
Oposizioko taldeak gogorarazi du Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldea 2020an sortu zela, herritar gutxi batzuen ekimenez, “hirian kale egoeran zeuden eta haien elikadura
beharrak ase ez zituzten pertsonei gauero afari beroak prestatuz”. Hori hedatuz joan zen, eta, debekua iritsi arte, egunean 300 bat afari banatzen ari ziren boluntarioak hiriko hiru auzotan.
EH Bilduk gogorarazi duenez, ordea, kale egoeran dauden pertsonen kopurua etengabe igo da azken urteotan: “Irtenbideek begirada luzea eskatzen dute ezinbestean. Irakurketa integralak, ordea, ezin gaitu aldendu gaur eta orain egin daitezkeen urratsetatik. KAS ekimena jaio zenetik gaurdaino gure hirian, Donostian, kale egoeran dagoen pertsona kopurua asko hazi da; tamalez, ez dira neurrian handitu udalak kale egoeran dauden herritarrei eta, zehazki, kale egoeran dauden pertsonen elikadura beharrei bideratutako bitarteko kopurua”.
“KAS egitasmoa desagertzeko helburuaz sortu zen, udalak bere gain hartu beharreko lana neurri batean asetzeko”, gaineratu du koalizioak. Horregatik, kalean dagoen behar hori asetzeko bidean, “bestelako irtenbideak bilatu bitartean, udalaren partetik KAS ekimena baimendu eta behin-behineko proposamen bat adosteko” eskatu du EH Bilduk: “Egoera honi aterabidea emateko modu bakarra KASeko boluntarioekin batera egitea da. Gogoratu nahi dugu, gainera, KAS sare herritarrak elkarlanerako prestutasuna beti adierazi duela, banaketarako puntuak edota segurtasun neurriak udalarekin adosteko, besteak beste”.
Mahaia eta lantzeko gaiak
Horrela, aipaturiko mahaia eratzeko eskatu dute EH Bildukoek: “Bertan, Alkatetza, Udaltzaingoa, gizarte zerbitzuak eta KASeko ordezkariak egongo dira, EH Bilduren ordezkariak ere bertan egoteko prestutasun osoarekin”.
Mahai hori sortuz gero, bertan lantzeko hiru gai ere proposatu ditu alderdiak. Alde batetik, “hiru eraikin edo espazio publiko ahalbidetzea iluntzeetan, ordutegi zehatzekin, erabiltzaile guztiak leku berean ez pilatzeko eta kudeaketa errazteko; baliabide materialak jartzea, elikagaiak eta sukaldea; eta segurtasun neurriak ziurtatzea eta gizarte zerbitzuetako kontrol eraginkor bat bermatzea”. Bestetik, “udalak Kaleko Afari Solidarioak sare herritarrarekin adostu ditzala beraiek bertan kudeaketa lanetan egoteko elkarlanerako baldintzak, baita bertan kozinatu eta banaketa egiteko jarraibideak ere”. Eta, azkenik, “Eusko Jaurlaritzak jarriko omen dituen diru laguntzak bideratu ditzala proposatzen den modu honetan afariak ematen jarraitzeko ekimenari”.
“Onkeria eta populismoa”
Asteazken honetan bertan, KASen debekuaren inguruan hitz egin du berriz ere Jon Insausti alkateak, urte politikoaren inguruan egin duen gosari informatiboan. Hain zuzen ere, Berria egunkariak jaso duenez, “onkeriatik eta populismotik ateratzeko” eskatu die debekuaren harira kritikatu dutenei. Era berean, nabarmendu du “demagogia” eta “asaldura” alde batera utzi, eta “ekintza ordenatuen alde” egin duela.

