Ancorak Gure Baitha berriro eraikitzea eta bertako lanak gelditzea eskatu du
Langile bat eraikina botatzen.Ancora Abuztuan eman zuen jakitera Ancorak Gure Baitha eraikina botatzeko asmoa zegoela, nahiz eta babestua egon. Esan eta egin, hurrengo egunean bertan, udalak eraispena bertan behera utzi arren, eraikina bota zuten. Orain, lursail horretan egin nahi dituzten lan berriak geldiarazteko eskatu du elkarteak eta Gure Baitha berriro eraikitzea ere.
Ancorak argudiatu du ekainaren 30eko EAEko lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen arabera bidegabeko eraispenaren berreraikitzearen ardura eraispena aurrera eraman duenena da, betiere eraikina katalogatua edo babestua badago. Elkarteak gaineratu du eraikina fisikoki ez egoteak ez duela haren katalogazioa ezabatzen, eta, gainera, alkateari eskatu dio bertan egin nahi diren lan denak geldiarazteko, baita Gure Baitha ordeztu nahi duen eraikinarena ere.
Azkenik Ancorak eskatu du zigor espediente bat irekitzea eraisketa aurrera eraman dutenei eta gogorarazi du 2/2006 Legearen arabera halako jarduketak arau hauste oso larriak direla.

