Saretxek alternatiba bat lortu du Azorak etxegabetuko duen Amarako bizilagunarentzat
Arroka plazan egin dute agerraldia Saretxeko kideek eta kaltetuko bizilagunak.Maitane Aldanondo Abuztu amaieran Saretxe Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi zuen Osasun Iturria kaleko bizilagun bat etxegabetuko zuela Azora putre funtsak. Eraikinaren jabeak ematen ez zion alternatiba eurek borrokatuta lortu dutela ezagutarazi dute. Arroka plazan egindako agerraldian, eragindako bizilagunak eta sindikatuko Nerea Azkonak eman dituzte albistearen xehetasunak.
Eragindako bizilagunak, Joucefek, eskerrak eman dizkie sindikatuko kideei eta hedabideei, eta “borroka egiteak merezi du”, baieztatu du. Gogoratu behar da etxegabetzeak, bizitoki gabe uzteaz gain, beharrezkoa duen transplanterako itxaron zerrendatik kanporatua izatea ekarriko lukeela, errekuperazioa egiteko etxe egonkor faltagatik. Ez dute etxegabetzea gelditu, baina horren aurretik, asteartean, utziko du bizitokia eta Etxegintzak Mons pasealekuan duen pisu batera joango da. Hori horrela, “garaipen gazi-gozoa” dela esan du Azkonak.
Kaleratzeaz harago, erakundeak ere kritikatu dituzte euren jarreragatik. “Lotsagarria da pertsona bat heriotza arriskuan egon behar izatea udalak eta Gizarte Zerbitzuek esku har dezaten. Ez dago horrelako muturreko egoeretara iristeko beharrik”. Izan ere, hainbat hilabetez aritu dira borrokan sindikatuko kideak, erakundeekin lanean eta azken asteetan kaleetan ere, elkartasuna antolatzen, propaganda egiten eta Amarako bizilagunekin saretzen… Komunikabideetan kasua agertu arte udalak ez duela ezer egin gaitzetsi dute. “Badakigu baita ere udalak lehenago abisatu ziola prentsari, Joucefi baino. Horrek agerian uzten du udalaren hipokresia eta lehentasuna: itxura ona mantentzea, herritarrak zaindu beharrean”, gehitu du Azkonak.
Egoera baliatu dute, halaber, Azorako maizterrak diren sindikatuko beste kide batzuek bizi duten egoera salatzeko. Groseko familia batek etxegabetze agindua jaso du abendurako; tartean adin txikikoak daude. Osasun Iturria kalean bertan, hogei etxebizitza daude hutsik eta hala ere, etxe horietako batean jaio den bizilagun batek kontratu amaierako burofax bat jaso du. Ez da bizilagun bakarra eta halakoekin Azorak lortu nahi duena argi dute Saretxen: “Espekulatzea, etekin handiagoak ateratzea. Etxebizitzak aldi baterako alokairu gisa eskaintzeko eta etxebizitzaren legeak finkatutako prezio mugei ihes egiteko. Bizilagunak euren etxe eta auzoetatik kanporatuz eta komunitatea suntsituz”.
Etxegabetzeen kontra eta gehiegikerien aurrean lortutako garaipenak ugariak badira ere, oraindik bide luzea dutela uste dute Saretxeko kideek; horregatik, etxebizitzaren desmerkantilizazioaren alde borrokan jarraituko dutela berretsi dute. “Ez dugu etxegabetze bat gehiago onartuko. Haien jabetzak edo gure bizitzak, ez dago erdibiderik”, laburbildu du.

