Kuadrillek auzoan zabaldu dute Porrontxoen hasiera
Askotariko mozorroek hartu zituzten auzoko kaleak ostegun iluntzean.Maitane Aldanondo Haurrek egindako bideari jarraituz, ordu batzuk geroago kuadrillen txanda heldu da ostegun iluntzean. Porrontxoak, beraz, erabat lehertu direla esan daiteke. Eta eztandak ez dira gutxi izan iluntzeko jardueran. Omenduak 50 urte bete dituen Trebeska dantza taldeko kideak izan dira. Txondorra aurreko plazan esan dute pregoia, egiatarren balioak eta ezaugarriak zerrendatuz, eta ondoren, suziria piztu dute. Dantza (edo) egin dute ere, behean pilatutakoek oihu eta txalo egin zieten bitartean.
Hala, bidera ateratzeko ordua heldu da, eta askotariko pertsonaia eta mozorroz bete dute Karmengo Ama kalea. Gaurkotasunari lotutakoak ziren batzuk unibertsitatera sartzeko probako Euskara azterketako zeroak edota abuztuko eklipsea; beste batzuk atenporalagoak, auto txokeak, artzainik gabeko inudeak, panpinak airera jaurtitzen; 40 urteak bete dituen Heidi eta konpainia, garbitzaile ezagun baten moldaera pertsonalizatuak, txoriak eta ehiztariak, Las Vegaseko kapera eta ezkongaiak, Basque Cheescake saltzailea eta hura erosi nahi duten turistak…
Festa zuten helburu, beraz, patxadaz eta umore onez hartu dute bidea osatzea. Orain, dantzan; gero, edan eta mokadutxoren bat egin, tartean, argazkiak atera… Udatiarrez mozorrotutakoek asmatu dute: aulkiak eta sonbrilla jartzen joan dira geldialdi bakoitzean. Batzuk eserita egon dira farolen eta ilargiaren argipean, beste batzuk pilotarekin edo frisbeearekin jolasean aritu diren bitartean. Argi dago ondo pasatzeko hamaika aukera daudela, are gehiago Porrontxoetan.

