Donostiarra ETE ligan ariko da datorren denboraldian
Bizkaiko uretan galdu du maila 'Bantxa' traineruak, eta beste bi gipuzkoarrek aurrea hartu diote. Hondarribia eta Zarautz igo dira Euskotren ligara.
Donostiarrako neskak, Portugaleteko estropadan.Aitor Arrizabalaga Asteburu beltza izan da Donostiarrako nesken traineruarentzat. Kontxan erakutsitako mailatik urrun aritu ziren Euskotren ligako kanporaketaren bi jardunaldietan; larunbatean, Bermeon, eta, atzo, Portugaleten.
Hondarribia, Zarautz eta Tiran izan zituzten arerio, eta Bantxa traineruak, gutxienez, lehen bi onenen artean geratu behar zuen mailari eusteko. Ordea, hirugarren postuan sailkatu ziren bi estropadetan. Beste bi gipuzkoarrak, Hondarribia eta Zarautz, ordena horretan, askoz ere hobeto aritu ziren erlojuaren kontrako saioetan. Bermeon makal aritu ziren donostiarrak, eta Hondarribia irabazlearengandik hamabi segundora geratu ziren. Portugaleten, berriz, hobeto ibili ziren, baina ez zen nahikoa izan. Hondarribia irabazlearengandik lau segundora geratu ziren.
Horiek horrela, Donostiarra ETE ligara jaitsi da Zumaiarekin batera —Euskotren ligako azken sailkatua—. Iaz, kanporaketa gainditzea lortu zuten, baina aurten ez da posible izan. Taldera arraunlari berri eta gazte asko sartu ziren, eta denboraldiak aurrera egin ahala, hobera egin arren, eta ez da nahikoa izan. Proiektua indartu eta Euskotren ligara igotzeko erronka izango dute datorren denboraldian.
Donostiarra, seigarren
Euskotren liga ez ezik, Eusko Label liga ere asteburuan bukatu da. Oriok berretsi du dagoeneko matematikoki irabazi zuen titulua, eta Donostiarrak sailkapeneko seigarren tokian bukatu du. Azken bi estropadetan, onenekin aritzen ahalegindu zen Torrekua II ontzia, baina Kontxan erakutsitako maila ez zuten berdintzerik izan. Bermeon bosgarren izan ziren, eta Portugaleten seigarren.

