«Gurera etorri eta hemengo gatazka bati begiratu nahi izan diogu»
Hilaren 17an hasi eta 27ra bitarte egingo dute 18. Donostiako Zinemaldi Alternatiboa. Dagoeneko lau saio egin dituzte, oztopoak oztopo, eta gustura daude orain arte izandako harrerarekin.
'Aire!' dokumentalaren proiekzioa, Zubietan.Zinemaldi Alternatiboa Nolakoak izan dira pasa den ostegunetik atzora bitarte Antiguan, Zurriolan, Zubietan eta Grosen egindako emanaldiak?
Orokorrean, ondo. Ostegunean, Antiguako Txantxarreka gaztetxean They Tried to Bury Us dokumentala proiektatu genuen, eta harrera ona izan zuen. Baita ere, Niña Coyote eta Chico Tornado bikotearekin egindako solasaldiak. Zubietako frontoian egindako saioa ederra izan zen, jendea etorri zelako Aire! dokumentala ikustera. Gainera, iaz ez bezala, aurten proiekzioa kalean egin ahal izan genuen.
Oztopo batzuk ere izan ditugu. Zurriolako hondartzan Groseko Surf Indarrarekin elkarlanean antolaturikoa ez zen espero moduan atera. Point of Change filmaren azpidatziekin arazoak izan genituen, eta, azkenean Rompiendo la ola dokumentala eskaini genuen. Dena dela, uda hasieran beste emanaldi bat antolatuko dugu arantzatxo hori kentzeko. Bestalde, minduta gaude atzo Marruma elkartean egindako proiekzioan gertatu zenarekin. Segoviako ihesa filma eskaini genuen, eta ikusle baten errespetu falta etengabeak nabarmen ilundu zuen. Sentsazio gazi-gozoarekin geratu gara. Horrela ere, aurrera jarraitzeko gogotsu gaude.
Hain zuzen ere, 18. Zinemaldi Alternatiboa da antolatu duzuena; 13+5. Beraz, adinez nagusiak zarete.
Zalantza izan genuen fokua non jarri aurtengo Zinemaldi Alternatiboan. Konturatu ginen gurea den moduko proiektu autogestionatu batentzat, hemezortzi edizio antolatzea ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Horregatik, nabarmendu nahi izan dugu orain arte egindako ibilbidea. Horrelako jaialdi bat horrenbeste urtez mantentzeak badu bere garrantzia, gure ustez.
Kortxoenean egindako bost horiek beti izango dituzue presente, ezta?
Ez zen Zinemaldi Alternatiboaren abiapuntua izan, Parte Zaharreko Gazte Asanblada hasi zelako antolatzen. Horrela ere, Groseko Kortxoenea gaztetxean, zutik iraun zuen bitartean, egin genituen bost edizioak gogoan ditugu. Gaur egun Zinemaldi Alternatiboa dena, han egituratu eta hartu zuen forma.
Urtero moduan, kartelaren diseinua garrantzitsua da. Aurtengoan, protagonista anonimo bat dauka.
Bai, eta kartelarekin batera, bideo bat zabaldu dugu. Urtero gai bat hartu ohi dugu, eta azken urteotan Palestinako eta Gazako genozidioa salatu nahi izan ditugu. Tamalez, genozidio horrek beste hainbat urtetarako emango duela aurreikusten dugu. Orduan, gurera etorri nahi izan dugu, eta hemengo gatazka bat bat jarri dugu mahai gainean.
Donostiako Zinemaldiak egun aktore ezagun bat eraman ohi du kartel nagusira, eta guk protagonismo hori kalean bizi izan den pertsona bati eman diogu. Gainera, ahotsa ere jarri diogu, aipaturiko bideoan jaso dugun moduan. Batez ere, oso garrantzitsua iruditzen zaigulako arrazakeriaren eta faxismoaren gorakadarekin, diskurtso arrazistak jendartera zabaltzen eta etorkinak kriminalizatzen ari dira. Elkartasuna ez da delitua, eta ahulena zapaltzea ez da bidezkoa. Salaketa hori egin nahi izan dugu.
Guztira, hamar proiekzio eta kontzertu bat. Horietatik, zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Aurten bi film errepikatuko ditugu. Horietako bat atzo eskaini genuen, Segoviako ihesa. 50 urte bete dira ihesaldi hartatik, eta berreskuratzeak merezi zuela pentsatu genuen, Kortxoeneako bigarren edizioan proiektatu ostean. Aurrerago esan moduan, harrera ona izan bazuen ere, pertsona batek emanaldia baldintzatu zuen.
Bestea gaur eskainiko dugu Kalabaza tripontzia da [Egiako Teila fabrikan, 18:00etan]. Argi genuen, beste bat errepikatuz gero, hori izan behar zela. Euskal animazioaren lehen film luzea izan zen. Bere garaian, Juanba Berasategi zuzendaria izan genuen Kortxoenean filma aurkezten. Duela bederatzi urte hil zen Juanba, ezinezkoa izango da berriz bera ekartzea, baina Koldo Izagirre idazle eta lanaren gidoilaria izango dugu gurekin, solasaldirako.
Kartelarekin lotura zuzena duena ere aipatu nahi nuke. Ostegunean, hilaren 24an, Madrasa bideo laburra eta El peso de la manta dokumentala proiektatuko ditugu Guardetxean, Hiritarron Harrera Sarearekin elkarlanean. Horrela ere, gainerako guztiak nabarmenduko nituzke. Izan ere, eskaintza zabala, askotarikoa eta interesgarria dela iruditzen zait.
Zinemaldi Alternatiboari bukaera emateko, klausura ekitaldi berezia antolatu duzue.
Marruma Kulturalak egitasmoarekin dugun elkarlanean sakonduz, kontzertu akustiko elkarrizketatua egingo dugu Groseko elkartean. Klausura ekitaldi modura antolatu dugu, bi gonbidaturekin: Lide Hernando eta Iñigo Etxarri musikariak. Biak zinema zale amorratuak dira, eta badakigu gaiari ondo helduko diotela. Beraien abestien errepaso akustikoa egingo dute, Liher eta Bele taldeen errepertoriokoak. Oso interesgarria izango da.
Aldiz, elkarrizketa amaitzeko, Donostiako Zinemaldia eta Jose Luis Rebordinos zuzendaria kritikatu dituzue, Dana Blankstein Cohen israeldarra epaimahaikide gisa ariko delako. Genozidioa zuritzen ari dira?
Gure ustez, bai. Palestina pairatzen ari den genozidioaren aurrean, posizionatzea garrantzitsua da, baina ez soilik hitzekin, baita ekintzekin ere. Ez du ezertarako balio hitzez gaitzestea Israel estatua egiten ari dena, eta gero estatu hori nolabait zuritzen duen zinemagile bati lekua egitea Donostiako Zinemaldian. Kontraesanak denok ditugu, baina ezin da onartu. Ez da eskatzen Dana Blankstein Cohen kanporatzea israeldarra izateagatik. Jerusalemgo Sam Spiegel Zinema Eskola zuzentzen du, Israelgo erakunde publikoen finantzaketa jasotzen duena. Israel estatuaren irudia erabiltzen ari da, interes konkretu batzuk bultzatzeko. Beraz, BDZ Euskal Herriaren salaketa gure egiten dugu.

