Askatuak Gipuzkoa Basket prest dago denboraldi berria hasteko
Askatuak Gipuzkoa Basket taldearen aurkezpen ofiziala, Illunben.Askatuak Gipuzkoa Basket Izen berria estreinatzeko prest dago Askatuak Gipuzkoa Basket saskibaloi taldea. Atzo egin zuten Illunben 2026-2027ko denboraldi ofizialaren aurkezpena, eta larunbatean, hilaren 26an, abiatuko dute FEB liga, Granadaren pistan.
Donostiako eta Gipuzkoako hainbat ordezkari politikok, kirol eta saskibaloi munduko pertsonek eta beste parte hartu zuten aurkezpenean. Baita IRUTXULOKO HITZAren ordezkaritza batek ere, klubaren kirol ekimenen laguntzailea delako.
Illunbeko ekitaldian, Josean Ibiriku Askatuak Gipuzkoa Basketeko presidente berriak hartu zuen hitza. Donostiako eta Gipuzkoako saskibaloi harrobia lantzeko asmoa indartuko dutela adierazi zuen. Era berean, Illunbeko erabilera anitzeko pabiloi berria eraikitzean, saskibaloiak, Gipuzkoako bigarren kirol jarraituenak, jauzia emango duela nabarmendu zuen.
Aurkezpenetan ohikoa den moduan, taldeko jokalari guztiak banan-banan aurkeztu zituzten: Ondrej Hanzlik (2), Ierai Azpitarte (7), Mads Bonde Sturup (8) —kapitaina—, Lucas Capalbo (10), Gaizka Maiza (11), Adria Domenech (12), Corentin Falcoz (13), Omar Lo (15), Van Komen (21), Bryan Vazquez Arraiza (44) eta Jonas Paukste (55).
Maiza etxeko jokalariak hitz egin zuen gainerako taldekideen izenean. Gipuzkoako gazte eta nerabeentzat erreferentzia izan nahi dutela esan zuen, taldearen etorkizuna haien esku dagoelako. Bestalde, Sturup kapitain berri danimarkarrak aitortu zuen erronkari heltzeko prest dagoela. Gogoratu behar da lesio larri batetik osatu dela, eta Donostian jarraitzea erabaki duela.
Sergio Garcia entrenatzaileak, berriz, liga hasierari erreparatu zion, larunbatean jokatuko dutelako lehen partida. Granadaren etxean jokatuko dute, 19:00etan. Neurketa zaila izango dela aitortu zuen Altzako teknikariak, baina lehiatzeko gogotsu daudela. Hain zuzen ere, talde handia eraiki nahi izan dutela aitortu zuen, eta piboten ekarpena garrantzitsua izango dela.

