Donostiako lemazainaren legatua: bost Kontxa eta ziaboga historikoa
Ehun urte bete dira Frantzisko Zubiaurre 'Kiriko' patroia zendu zenetik. Kontxako bost bandera irabazi zituen Donostiako traineruarekin, eta mende bat geroago, hiriko beste ontzi batek berdindu du lorpen hura: Donostia Arraun Lagunak-en 'Lugañenea'-k.
Kiriko 1918ko Kontxako Bandera eusten, ezkerreko eskuarekin.Ricardo Martin / Kutxateka Arraunarekin lotura estua du Donostiak, nahiz eta kirol horrekiko zaletasuna ez den sekula maila berekoa izan. Horrela ere, Kontxako Banderak kokatzen du hiria arraunaren munduan, eta estropada entzutetsuaren historia luzean eta palmaresean Donostiak badu bere lekua. Baita donostiarrek ere. Frantzisko Zubiaurre Cabañas Kiriko patroiaren kasua esanguratsuenetakoa da.
Getarian jaio zen 1867ko urtarrilaren 11n, baina 8 urte zituela etorri zen Donostiara bizitzera, familiarekin batera. Arraunean murgildu eta balentria ugari egin zituelako da ezaguna. Esaterako, Kiriko da Donostiako traineruarekin Kontxako Bandera gehien irabazi dituen lemazain eta patroia; bost, guztira. Gehiago lor zitzakeela ere diote garaiko kronistek, baina hainbat arrazoirengatik ez zen horrela gertatu. Esaterako, 1894 eta 1918 urteen artean patroi izateari uko egin zion, eta 1919ko Kontxan traineruko hankekoak arrauna puskatu zuen.
Donostiako traineruaren ardura 1891. hartu zuen Kirikok, beste euskal arrantzale eta patroi donostiar ezagun batek gomendatuta; Luis Karril Uribek, hain justu —urtebete geroago zendu zena—. Kontxako Banderan parte hartu zuen lehen aldi hartan bertan irabazi zuen Kirikok, llar Azala traineruaren lemazain gisa. Bitxia bada ere, Getaria menderatu zuten estropadan. 1892an eskuratu zuen bigarren bandera, eta 1894an hirugarrena —1893an ez zen jokatu—.
1895ean, berriz, antolakuntzak Donostiako traineruei debekatu egin zien Kontxako Banderan parte hartzea, 1883tik 1894ra bitarte jokatu ziren zazpiak jarraian irabazi zituztelako. Neurri xelebre horren helburua izan zen inguruko herrietako traineruek Kontxan parte hartzea, eta irabazteko aukera izatea.
Beste bi Kontxak urte batzuk geroago astindu zituen Kirikok. 1910eko hamarkadaren bukaeran, patroi izatera bueltatu zen, eta 1918ko eta 1920ko banderak irabazi zituen. Bi urte horien artean, 1919an, getariarrak Bilbon jokaturiko Abrako bandera esanguratsua eskuratu zuen. Kirikok ziaboga emateko teknika berri bat erabili zuen estropada hartan, aurrekalariak arrauna branka aldean sartuz egiten dena. Hain zuzen ere, gaur egun ezagutzen den ziaboga emateko modua asmatu zuen: Kirikoren ziaboga.
Pasodoblea
Laudatua eta estimatua izan zen Kiriko, arraunaren historian bere izena letra larriz idatzi zuelako. Haren omenezko pasodoble «umoretsu» bat ere bada, Jose Ignazio Ansorena txistulariak harmonizatu zuena. Horrela kontatu zuen 2024an idatzitako iritzi artikulu batean: «Amaya Bontigui lagun handiak esan zidan 1992ko batean: ‘Badut patioko auzokide bat, gure aitona Kirikori eskainitako pasodoblea sarri kantatzen didana’. Horrela, Amaya eta biok joan ginen arrantzale familiako Angelita Vaquerizaren etxera, eta hari umetan ikasitakoa jaso genion. Hitzak txantxazko eran hartu behar dira».
Egia esan, herritarrek Kirikori eskainitako hitzak bihurriak dira: «Dicen los de San Pedro que no se presenten los de San Juan, porque ha dicho Kiriko que en Santa Clara los va a dejar…». Ansorenak transkribatu, harmonizatu eta San Sebastian egunaren aurreko txistularien kontzertuan, 1993ko urtarrilaren 18an, eskaini zuten estreinakoz, udaletxeko aretoan.
Ehun urte geroago
Kiriko 1926ko maiatzaren 8an zendu zen. Ordutik ehun urte igaro dira, eta Donostiako traineru batek patroi haren balentria berdindu du. Donostia Arraun Lagunak-ek bosgarrenez irabazi du Kontxako Bandera, Lugañenea ontziarekin. Kiriko gogora ekarri nahi izan du klubak, lortu zuena goraipatzeko. Era berean, getariarrak izan zuen aitortza jasotzea espero dute, Kontxaren historian eta palmaresean nabarmenduta ageri direlako.


