Eason hiri baso bat jarri eta 480 etxebizitza eraikiko dituzte?
Eusko Jaurlaritzak aukeratu du Amarako tren geltokitik aurrerako eremua eraldatuko duen proiektua. Donostiako Udalak, ordea, zehaztu du udalari berari dagokiola Easo-Amara inguru hori nolakoa izango den erabakitzea. Beraz, PSE-EE eta EAJ ados jarri beharko dira.
'Hiri basoan bizitzea' proposamenaren simulazioa.JPAM City Makers Galderari erantzun bateratua eman beharko diote Eusko Jaurlaritzako eta Donostiako Udaleko bi alderdi eta bazkideek. Hau da, jeltzaleek eta sozialistek. Izan ere, Easo-Amarako trenbide zabaltzan zer eraiki erabakitzea dagokie. Jaurlaritzak pasa den astean aurkeztu zuen eremu hori eraldatzeko hautatu duten proposamena. Kataluniako JPAM City Makers taldeak egindako Hiri basoan bizitzea proiektua da. Ordea, udalak adierazi zuen ez zutela proiektu irabazlearen berri izan «ofizialki», eta zehaztu zuten «udal gobernuari dagokiola trenbidea desagertzean inguru hori nolakoa izango den erabakitzea».
Horrek agerian utzi zuen PSE-EEren eta EAJren arteko beste talka bat, legealdian gertaturiko beste batzuen antzera. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Mugikortasun Sailak sozialistek kudeatzen dituzte, baina Donostiako Udal Gobernuan ardura horiek jeltzaleen eskuetan daude.
Hiri basoan bizitzea proposamen aukeratuari dagokionez, herritarren ekarpenak izan ditu abiapuntu eta lehiaketan ezarritako bi irizpide nagusietan puntu gehien lortu duena da: 33 puntutik 33 herritarren eskarien eta erakundeen beharren integrazioan, eta 15 puntutik 15 mugikortasunean.
Proposamen irabazlearen elementu nabarmenetako bat 9.000 metro koadro inguruko kiroldegi publiko berria da, igerileku bat eta hiru kirol pista barne; egungo geltokiaren lekua hartuko du, baina ez eraikin isolatu moduan, hiri egitura berriaren parte gisa baizik. Soluzio horrek identifikatutako herritarren eskarietako bati erantzuten dio.
Proiektuak 480 etxebizitza aurreikusten ditu, eta 525 etxebizitzara iristeko aukera egongo da, espazio komunitarioen behin betiko soluzioaren arabera. Hasieran planteatutako 480 etxebizitzetatik, 432 babestuak izango dira alokairuan eta gainerako 48ak etxebizitza libreak. Babestuen artean, babes sozialeko 216 etxebizitza eta 216 etxebizitza tasatu aurreikusi dira. Bizitegi banaketari dagokionez, askotariko osaeraren alde egin dute: 98 etxebizitza logela batekoak izango dira, 288 etxebizitza bi logelakoak eta 94 etxebizitza hiru logelakoak.
Hiri baso bat ere barne hartzen du egitasmoak, hala, egungo 539 zuhaitzak mantendu eta beste 382 landatuko dituzte. Gainera, espazio publikoaren %25 inguru lurzoru iragazkorretarako erreserbatuko da. Proposamenak itzala eman, hiri erosotasuna hobetu eta beroaldietara egokitzen lagundu dezaketen benetako babesleku klimatiko gisa planteatzen ditu berdegune horiek.
Sozialisten eskaera
Jaurlaritzaren eta udalaren artean sortu den talkaren harira, sozialistek Jon Insausti alkateari eskatu diote «aitzakiak eta diskurtso antzuak alde batera uzteko eta Easoko trenbide zabaltza eraldatzeko proposamen irabazlea onartzeko». Ane Oiarbide PSE-EEren bozeramaileak adierazi duenez, «ez du zentzurik hirigintza eskumenetan ezkutatzea». Horregatik, alkateari eskatu dio «etorkizunera begiratzeko aukera ematen digun erakundeen arteko lankidetza babesteko» eta «proiektu honek Erdialdean eta Amaran duen ahalmena onartzeko».
Eusko Jaurlaritzak «lehen mailako lurzoru publikoaren eta hiri inbertsioaren eskaintza garrantzitsua» egin duela gaineratu du Oiarbidek: «Etxebizitzaz eta berdeguneez gain, eremu horretan gure kirol ekipamenduen sarea indartzeko aukera historikoa eskaintzen digu».

