'Tender Loving Care' filmak irabazi du Zinemaldiko Urrezko Maskorra
Mike Leigh zuzendari britainiarraren lanak irabazi du Donostiako 74. Zinemaldiko sari gorena, baita beste hainbat sari ere. 'Txakun Txakür', 'La Bola Negra' eta 'Naza' ere sarituak izan dira, besteak beste.
Paul Jesson eta Alice Bailey Johnson, 'Tender Loving Care' filmarengatik Urrezko Maskorra jasotzen.EITB Zinemak Donostia hartu du astebetez aurten ere, eta larunbat gauean (hilak 26) bukatu da 74. Zinemaldia, Kursaaleko itxiera galarekin. Ohiko legez, sari banaketa egin dute gala horretan, eta epaimahaiak Mike Leigh zuzendari britainiarraren Tender Loving Care filma saritu du Urrezko Maskorra sari gorenarekin. Zinemagilea ez da Kursaalean egon, baina esker onak emateko bideo bat bidali du New Yorketik eta Paul Jesson eta Alice Bailey Johnson filmeko aktoreek jaso dute saria, bere partez.
Gau biribila izan da Leighen lanarentzat, beste bi sari ere irabazi baititu: Kate O’Flynn aktore protagonistak Zilarrezko Maskorra irabazi du eta Gidoi Onenaren Saria ere eman dio epaimahaiak filmari.
Galaren bukaeran, Kursaal auditorioa bete duten ikusleak zutik jarri dira, Jose Luis Rebordinos txalotzeko. Izan ere, 74.a izan da Rebordinosen azken Zinemaldia zuzendari gisa, eta Maialen Beloki izango da aurrerantzean jaialdiaren zuzendaria.
Sail Ofizialeko beste sariak
Sail Ofizialeko gainontzeko sariei dagokienez, nabarmentzekoa da interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko Maskorra bi aktorek ex-aequo irabazi dutela aurten ere —iaz, Jose Ramon Soroizek eta Zhao Xiaohongek jaso zuten—: Kate O’Flynnek Tender Loving Care-rengatik eta Asta Kamma Augustek Markens Grode-rengatik.
Bestalde, zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Amanda Kernellek jaso du, Brace your Heart filmarengatik, eta Javier Camara aktoreak eskuratu du taldeko aktorerik onenaren Zilarrezko Maskorra, 5 minutos más lanarengatik.
Horrez gain, Ah Biaoren Bian jing filmak irabazi du Epaimahaiaren Sari Berezia, Oskar Dahlsbakkenen Growth of the Soil lanak Argazki Onenaren Saria eta, aipatu moduan, Tender Loving Care-ek eskuratu du Gidoi Onenaren Saria.
Beste sari ofizialak
Sail Ofizialetik ere badago zer saritu Zinemaldian, eta, hain zuzen ere, nabarmentzekoa da Elsa Oliarj-Inesen Txakun Txakür filmak irabazi duela Euskal Zinemaren Irizar Saria. Donostia Hiria Publikoaren Saria, bestalde, Javier Calvo eta Javier Ambrossi Los Javis-en La Bola Negra-k irabazi du.
Bestalde, Body of Glass Naemi Adaren lehen filmak Kutxabank-New Directors Saria lortu du. Sari horren epaimahaiak aipamen berezia egin dio Yoon Dan-biren The World Before filmari. Horizontes Make & Mark Saria eta Gazteriaren DAMA Saria La ilusión de un verano sin fin filmak irabazi du —Alessandra Sanguinettiren estreinako lana da—, eta aipamen berezia Moscas filmarentzat izan da.
Zabaltegi-Tabakalera Saria Teenage Sex and Death at Camp Miasma filmarentzat izan da (Jane Schoenbrun), eta aipamen berezia izan du A veces me entra tristeza, otras veces rebelión lanak (Maria Apariciori). Maarij Reka zuzendariaren Dihapus dari peta film laburrak Tabakalera Zine eta Ikus-entzunezko Laborategia-Nest Saria lortu du, eta epaimahaiak aipamen berezia eman dio Jelia Coldwell Serra zuzendariaren Ningú borda film laburrari
Era berean, Jatorrizko Musika Onenaren SGAE Fundazioa Sari berria, Sail Ofizialean lehiatzen diren filmetako bati zuzendua, Amine Bouhafak irabazi du, Nicole Garciak zuzendutako 7h40 ce matin-là partituraren egileak.
Azkenik, Burgundy (Michael Dweck eta Gregory Kershaw) film luzeak Culinary Zinema Saria jaso du, Europako Film onenaren Publikoaren saria NAZA-rentzat izan da (Yuval Abraham eta Rachel Szor), eta Eusko Label Saria Esperantza eta Eskuak film laburrek jaso dute, Josu Ozaitak eta Mikel Urretabizkaiak, hurrenez hurren, lehen eta bigarren sariak eskuratu baitituzte. Halaber, gizarte gaiei buruzko film laburren lehiaketari dagokionez, Javi Pradaren Prejuicios izan da Loteriak Saria jaso duen lehen lana, eta Lucia Saavedraren Headscarf bigarrena.

