Udalak dio suhiltzaileen sailerako dirua egongo dela
Donostiako suhiltzaileen protesta bat, udal batzar aretoan.LAB Donostiako Suhiltzaileen langile kolektiboak deitoratu duenez, 2027ko udal aurrekontu proposamenak Donostiako Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zuzendaritzako (SPEIS) inbertsioei “zero euro” esleitzen dizkie. “Donostiako alkateak suhiltzaileei aurrekontua lapurtu egin die”, salatu dute. Horren aurrean, IRUTXULOKO HITZA udalarekin harremanetan jarri da, eta suhiltzaileen sailerako dirua egongo dela adierazi dute.
Aurrekontu proposamena “behin-behinekoa” dela dio udalak, eta sailera dirua bideratzeko bi modu daudela: “Batetik, emendakinen bitartez, eta, bestetik, foru funtsetik etorriko den dirutik. Oraindik zehaztu gabe dago zenbatekoa”. Udalak suhiltzaileei hori bera jakinarazi diela dio, eta emandako hitza beteko duela.
Irailaren 1ean, Donostiako Tokiko Gobernu Batzordeak suhiltzaile etxea handitzeko proiektua onartu zuen. Hala ere, udalak SPEISeko bost inbertsio blokeatu egin dituela seinalatu dute suhiltzaileek: “Guztira, 408.133,88 euro dira, suhiltzaile etxea handitzeko diru zati osoa erabilgarritasunik gabe utzita. Orain, 2027ko proposamenak inbertsioen kapitulua erabat ezabatzen du, nahiz eta suhiltzaile zerbitzua mantentzeko tasan 1.209.160 euroko diru sarrera aurreikusi”.
Mesfidantza
Udalak IRUTXULOKO HITZAri adierazitakoaren ondoren, hedabide hau suhiltzaileekin jarri da harremanetan. “Ez gara fidatzen, ondo ezagutzen ditugulako. Dugun dokumentu ofizial bakarrak dio zero euro bideratuko dituztela inbertsioetara. Dirua egongo dela diote, baina ez akaso dagokiguna edo epai baten ebazpenak dioena”, ohartarazi dute.
Horrekin batera, suhiltzaileen langile kolektiboak gogorarazi du Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiaren 139/2025 epaiak, uztailaren 2koak, ezarri zuela “UNESPAri dagozkion diru sarrerak SPEISen inbertsio errealetara bideratu behar direla, zerbitzua handitu eta hobetzeko, soilik, esklusiboki eta osorik”. Haien kalkuluen arabera, aseguru etxeek udaletxean ingresatuko luketen diru kopurua 1,2 milioi eurokoa litzateke.
Kexatu ez balira, udalak ez zuela erreakzionatuko uste dute suhiltzaileek: “Aitzaki bat edo bestearekin, esanguratsua da orain arte galdetu ez bada, ez dela esan behin-behinekoa. Zalaparta sortzen ez baduzu ez dutela erreakzionatzen. Hori da gure sentsazioa”.
Zuzenketa
Donostiako suhiltzaileek proposamen bat helarazi nahi diete udaleko beste alderdiei, 2027ko udal aurrekontuen proposamenari zuzenketa bat aurkezteko. “Guk helegite tekniko bat prestatuko dugu. Langile moduan ezin diogu aurrekontu proposamenari zuzenketarik egin. Hasierako onarpena ematen denean bai, hamabost eguneko epea izango genuke. Ordurako, ordea, beranduegi izan daiteke”, deitoratu dute.
Bitartean, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu dute. “Ez dugu xentimorik barkatuko. Sententziak esaten du, aseguru etxeek urtero-urtero ingresatzen dioten diru hori suhiltzaileen zerbitzua hobetzera egokitu behar dela”, nabarmendu dute.

