Ekialdeko Barrutiko Batzarren bileratik «altxatu» dira auzoetako elkarteak, udalak aurrekontua «izoztu» ostean
Ekialdeko Barrutiko Batzarrean ordezkaritza duten hamar elkarteak Jon Insausti alkatearekin izandako bileratik joan dira, eta ez dira itzuliko "izoztutako aurrekontuei erantzun bat eman arte".
Ekialdeko Barrutiko Batzarreko elkarteetako zenbait ordezkari, bileratik altxatu ostean.Herripe auzo elkartea Donostiako Udal Gobernuak 2027rako aurrekontu proiektua aurkeztu zuen hilaren 17an, eta, horren bidez, diru sail batzuk geldituko ditu udalak; besteak beste, Ekialdeko Barrutikoak. Horren aurrean, haserre agertu dira azken asteotan udal erakunde horretan parte hartzen duten elkarteak, eta ezinegon hori irudikatu zuten atzo (irailak 30) egindako Ekialdeko Barrutiko Batzarraren bilkuran, bileratik altxatu egin baitziren, Jon Insausti alkatearen aurrean. Hain zuzen ere, asteazkeneko bileran agerraldia egin zuen Insaustik, Barrutiko Egituraketa lantaldeak hala eskatuta.
Hemeretzi kidek osatzen dute Ekialdeko Barrutiko Batzarra: Barrutiko zinegotzi buruak, zinegotzi buruordeak, udalbatzan ordezkaritza duten talde politikoetako zazpi kidek (EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP eta Elkarrekin Donostia) eta Barrutiko auzoetako (Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta) hamar elkarte edo entitatetako ordezkariek. Herri eragileek, beraz, Batzarraren erdia baino gehiago osatzen dute, eta atzoko biltzarretik altxatzeaz gain, erabaki dute, momentuz, ez direla bilera horietara itzuliko.

Ekialdeko Barrutiko Batzarraren bilera, asteazkenean, Jon Insausti alkatearen presentziarekin.Herripe auzo elkartea
Proiektuak 2023tik “geldirik”
Elkarteetako ordezkariek IRUTXULOKO HITZAri azaldu diotenez, hamar eragileek erabaki dute bileretara ez itzultzea “izoztutako aurrekontuei erantzun bat eman arte”: “Bide batetik edo bestetik exekutatu gabeko proiektuei erantzun bat ematen bazaie, itzuliko gara Batzarraren bileretara; bestela, ez. Jarraituko dugu lanean Ekialdeko Barrutiko egituretan, lantaldeetan eta abar, baina bileretara ez gara azalduko, proiektuei bide ematen zaien arte”.
Hain zuzen ere, Ekialdeko Barrutiak onartutako proiektu asko “2023tik exekutatu gabe” daudela salatu dute, baita Aurrekontu Parte Hartzaileen bidez onartutako asko ere: “Barrutian onartzen diren proiektuak exekutatu behar dituela udal gobernua da, bere sailen bidez. 2023tik honainoko proiektu asko, ordea, exekutatu gabe daude. Hori beraien ardura da, eta, orain, izoztu egin dituzte aurrekontuak. Bestalde, Aurrekontu Parte Hartzaileen bidez aukeratutako proiektuak, Barrutikoak eta hiri osokoak, bertan behera utzi dituzte baita ere; orduan, zertarako parte hartzea?”.
Elkarteetako kideek azaldu dutenez, udal gobernuko ordezkariek bileran proposatu zieten “Partaidetza zinegotziarekin bilera monografiko bat egitea, aurrekontuei buruz”. “Elkarteok planteatu dugu iruditzen zaigula aurrekontuak murrizteko orduan eduki dituzten irizpideekin ez dutela arduraz jokatu”, gaineratu dute. Horrela, eragileen erabakia irmoa da: “Ez gara bileretara joango, proiektuei bide ematen zaien arte”.
“Ez gara bileretara joango, proiektuei bide ematen zaien arte”
Ekialdeko Barrutiko Batzarreko elkarteak
“Konpromiso falta” salatu du EH Bilduk
EH Bilduk “Ekialdeko Barrutiko egoera zuzentzeko ehun eguneko konfiantzazko epea” eman zion maiatzean Jon Insausti alkateari eta orduan hautatutako Barrutiko presidente berriari, baina, denbora hori igarota, udal gobernuak urratsik egin ez izana deitoratu du oposizioko taldeak, hedabideei helarazitako ohar baten bidez: “Egoerak okerrera egin duela baiezta dezakegu”.
“Gogoratu behar dugu 2023. urteaz geroztik Ekialdeko Barrutiko hainbat proiektu geldiaraziak dituela EAJ eta PSEr-EEen udal gobernuak, eta aurten, gainera, txikiagoa da Ekialdeko Barrutiari esleitutako aurrekontua. Azken aurrekontuetan, zehazki, 400.000 euro soilik esleitu dira Barrutian proiektuak gauzatzeko: 200.000 euro partaidetzako proiektuentzat eta beste 200.000 Ekialdeko Barrutiko batzarrak esleitzeko”, gaineratu du EH Bilduk.
Era berean, “aldaketarako borondaterik” ikusten ez duela salatu du alderdiak: “Barrutiak eskumena izan behar du aurrekontuak bertan kudeatzeko, udal gobernuaren oniritziaren zain egon gabe. Gauzak aldatzeko, eta Ekialdeko Barrutiari behar duen norabidea emateko, sustraitik aldatu behar dute EAJk eta PSEk. Tamalez, uste dugu beranduegi dela. Eragile, elkarte eta bizilagunek behin eta berriz eskatu arren, ez dute behar bezala babestu”.
Gogoratu behar da, hain zuzen ere, Ekialdeko Barrutia 2018an sortu zuela Donostiako Udalak, “Altza, Mirakruz-Bidebieta eta Intxaurrondoko herritarren parte hartzea sustatzeko, udal kudeaketa herritarrei gerturatzeko eta gardentasuna eta eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin”, udalaren webgunean azaltzen denez.

