Euskal Herria Txapela janzteko, Realak Athletic mendean hartu beharko du
Ibaeta Basketek etzi emakumezkoen ligari hasiera emango dio Ensinoren kirol pistan, Euskal Kopa irabazi berritan.
Realaren eta Athleticen arteko pasa den sasoiko partida bat.Reala Hamargarren Euskal Herria Txapela jokoan izango dute gaur Realak eta Athleticek, Anoetan (19:00). Ligaren etena baliatuta, Euskal Herria Kirolak antolatzen duen txapelketak txuri-urdinak eta zuri-gorriak aurrez aurre jarriko ditu. Pasa den sasoian euskal derbietan puntu gehien lortu zituzten bi taldeak dira. Realak bigarren txapela etxean janzteko aukera izango du, bestela Athleticek bere laugarrena eskuratuko du. Selekzioen neurketek nabarmen baldintzaturiko norgehiagoka izango da, bi taldeek jokalari garrantzitsu askoren falta izango dutelako. Horrela, orain arte minutu gutxiago izan dituzten jokalarien txanda izango da.
Realeko neskek, bai, ligako partida izango dute, Europa kopako final-zortzirenetara sailkatu berritan. Valentziaren zelaian ariko dira etzi (19:30), eta sasoiko lehen hiru puntuak lortzen ahaleginduko dira. Europako helburua beteta, ligan hobera egitea dagokie, batez ere, sailkapenaren putzuan daudelako.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek emakumezkoen maila goreneko ligari ekingo dio, etxetik kanpo. Euskal Kopa irabazi berritan, Lugoko Ensino talde galiziarraren kirol kantxan jokatuko dute etzi, 12:00etan. Azu Muguruzaren neskek denboraldiaurrean erakutsitako sentsazio onak kirol lehia ofizialera eramatea dute helburu. Askatuak Gipuzkoa Basketek, berriz, Gaskako lehen partida jokatuko du etzi (18:00), ligako lehen jardunaldian Granada mendean hartu ondoren. Konfiantzarekin hasitakoari jarraipena ematen ahaleginduko dira.
Eskubaloian, Bera Berak hutsune hainbati aurre egin beharko dio ligan. Min hartuta dauden jokalariez gain, Jon Begiristain entrenatzaileak laneko baja hartu behar izan du, osasun arrazoiengatik. Egoera horren aurrean, Xabat Beloki bigarren entrenatzaileak gidatuko du taldea. Donostiako eskubaloi taldeak Elda talde indartsuaren aurka jokatuko du bihar, Gaska kiroldegian (18:00). Sailkapenean seina punturekin berdinduta daude, eta maila onean jokatzen ari da aurkaria. Mathilde Plotton jokalari fitxatu berriaren estreinako neurketa izango da.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskek eta mutilek Anoetako izotz jauregian jokatuko dute, eta biek arerio beraren aurka: Majadahonda. Partida bat irabazi eta beste bat galdu ondoren, bigarren garaipena etxean ziurtatu nahi izango dute bi taldeek. Neskak bihar 14:30ean ariko dira, eta mutilak ordu batzuk geroago, 21:10ean.
Belar hockeyan, Realari komeni zaio etxetik kanpo puntuak batzen hastea. Ligako lehen bi partidak galduta, garrantzitsua litzateke txuri-urdinentzat Valentziaren zelaian aritzea, etzi, 12:00etan.
PARTIDAK
Futbola
Euskal Herria Txapelaren finala
- Reala – Athletic (gaur, ostirala, 19:00)
Emakumezkoen lehen maila, 6. jardunaldia
- Valentzia – Reala (etzi, igandea, 19:30)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 1. jardunaldia
- Ensino – Ibaeta Basket (etzi, igandea, 12:00)
Gizonezkoen bigarren maila, 2. jardunaldia
- Askatuak Gipuzkoa Basket – Ourense (etzi, igandea, 18:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 4. jardunaldia
- Bera Bera – Elda (bihar, larunbata, 18:00)
Izotz hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 3. jardunaldia
- Txuri Urdin – Majadahonda (bihar, larunbata, 14:30)
Gizonezkoen lehen maila, 3. jardunaldia
- Txuri Urdin – Majadahonda (bihar, larunbata, 21:10)
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 3. jardunaldia
- Valentzia – Reala (etzi, igandea, 12:00)

