Hondartza sasoiko balorazio positiboa egin du udalak, inoizko uda beroenean
Uda bereziki bero honetan udal zerbitzuen erabilera aipagarria izan da: 84.646 erabilera izan dituzte kabinek, eta % 40 inguru areagotu da lagundutako bainuaren erabilera.
Iñigo Garcia zinegotzia hondartzen denboraldiko balorazioa egiten.Donostiako Udala Donostiako Udalak, 2026ko hondartza denboraldia ixteko, udal zerbitzuen funtzionamenduaren “balantze ona” egin du. “Uda bereziki beroa izan da, eta jende asko etorri da gure hondartzetara”, adierazi du Iñigo Garcia Villanueva Ingurumeneko eta Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi ordezkariak. Ildo horretan, gogorarazi duenez, “horren atzean, askotan ikusten ez den eguneroko lan bat dago: gaueko eta eskuzko garbiketa, mantentze-lanak, erabiltzaileentzako arreta, jagoletza, sorospena edo hondakinak biltzea”.
Hala, hondartzetan erregistratutako jarduera Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen erabileran eta eskarian ere islatu da. Kabina kolektiboen kasuan, irailaren 25era arteko datuen arabera, 59.257 erabiltzaile egon dira Kontxako instalazioetan, 18.957 Ondarretan eta 6.432 Zurriolan; hau da, 84.646 erabilera egon dira guztira.
2025eko datuekin alderatuta, erabilera % 5,8 murriztu da, 5.173 erabilera gutxiago egon dira. Datuak hondartzen arabera aztertuta, Kontxako instalazioen erabilera % 1,5 areagotu da, 59.257 erabilera izan ditu aurten (iaz 58.393 erabilera izan zituen); Ondarretakoena, berriz, % 22,5 murriztu da, 18.957 erabilera izan ditu guztira (iaz 24.446 erabilera izan zituen), eta Zurriolakoena % 7,9 murriztu da, 6.432 erabilera izan baititu guztira (iaz 6.980 izan zituen).
Eguzki babesleen erabileran eskari handia egon da aurten ere. Kontxan, eskuragarri zeuden 290 toldoak esleitu ziren; Ondarretan, berriz, 424 toldoen, 157 eguzkitakoen eta 82 karpen % 100 esleitu zen. Zurriolan, erabilgarri zeuden 240 toldoetatik 169 esleitu ziren.
Garbiketa eta sorospena
Uda honetan, 23 profesionalek osatutako garbiketa lantalde batek jardun du hondartzetan. Denboraldian zehar, udal zerbitzuek lan handia egin dute egunero hondartzak garbitzeko eta espazio horietako hondakinak biltzeko. Guztira, 207.862,86 kilo hondakin bildu dira, eta 2025ean, berriz, 317.284,3 kilo; hau da, 109 tona inguru gutxiago bildu dira aurten.
Bestalde, irailaren 25era arte, salbamendu eta sorospen taldeek, 626 osasun arreta eta 195 erreskate egin dituzte. Hondartzei dagokienez, bederatzi pertsona erreskatatu zituzten Kontxan, 88 Ondarretan eta Santa Klara uhartean, eta 98 Zurriolan.
Hondartzen erabilera ordutegian, eta salbamendu eta sorospen zerbitzuak estalitako eremuen barruan, ez da heriotzarik erregistratu. Udaldi honetan, heriotza eragin duten gertakariak hondartzen erabilera-ordutegitik edo zerbitzuaren jarduketa eremutik kanpo gertatu dira.
Denboraldiko datu positiboenetako bat Kontxako lagundutako bainu zerbitzuaren erabilera maila izan da. Irailaren 25era arte 254 zerbitzu eman dira aulki anfibioarekin; 2025ean 184 zerbitzu eman ziren, hau da, erabilera % 38 areagotu da. Bainatzen laguntzeko zerbitzuek ere gora egin zuten, 81 zerbitzutik 110era, beraz, modalitate horren erabilera % 36 inguru areagotu da.
Uda bereziki beroa
Igeldoko estazio meteorologikoaren erregistroen arabera, 1980an hasitako serie historikoa kontuan hartuta, batezbestekoa baino 2,9 ºC gehiagokoa izan da aurtengo udako batez besteko tenperatura, eta eskuragarri dauden datuen arabera, serie osoko uda beroena izan da aurtengoa.
Erregistrorik esanguratsuenetako bat gau tropikalena izan da, tenperatura minimoa 20 ºC-tik jaisten ez den gauena, alegia. Uda honetan 31 gau tropikal zenbatu dira; 2003an, aldiz, 13 erregistratu ziren, orain arte serie osoko bigarren balio handiena zen uda horretakoa.
Gainera, Donostiak udako 33 egun erregistratu ditu 25 ºC-tik gorako tenperatura maximoekin, eta bost eguneko bero-bolada bat izan du, orain arte hirian erregistratutako luzeena. Bero-bolada horretan, tenperatura maximoen batezbestekoa 36 ºC-ra iritsi zen, eta tenperatura hori erregistratutako baliorik altuena ere bada.
2027: irisgarritasun handiagoa, itzala eta erantzun berriak
2026ko denboraldia amaitzeak 2027ko denboraldia prestatzen hasi behar dela ere esan nahi du. Datozen hilabeteetan, udalak zerbitzuak ebaluatuko ditu eta hainbat hobekuntzatan aurrera egiten jardungo du. Azaldu dutenez, lehentasunetako bat irisgarritasuna izango da. Udalak elkarteekin lan egiten jarraituko du, eta mugikortasun urriko pertsonen autonomia areagotzea ahalbidetuko duten irtenbideak aztertuko ditu, besteak beste, pasabide modularrak eta desmuntagarriak, egonlekuak eta hondarraren gaineko joan-etorriak errazteko beste elementu batzuk.
Lan horrekin batera, itzalpeko espazioak sortu eta hobetu behar dira, irisgarritasunaren ikuspegitik ez ezik, gero eta beroagoak diren udei eta tenperatura altuen aurrean bereziki zaurgarriak diren pertsonen premiei erantzuteko ere.
Ondarretan, udalak lanean jarraituko du inplikatutako gainerako administrazioekin batera, hondartzaren bilakaera analizatzeko, baita urtero bertara iristen diren harrien arazoa aztertzeko ere. Helburua da hondartza horren portaeraren ezagutza hobea izatea eta administrazio guztiek modu bateratuan aztertzea zer jarduera plantea daitezkeen etorkizunera begira.

