Jaiak 'pil-pilean' ospatzeko gogotsu daude Martutenen
Adin guztientzako egitaraua osatzea lortu dute Martuteneko jaietan. Aurten, lehen aldiz, gazteentzako bazkaria antolatu dute, eta musika eskaintza orekatzeko ahalegin berezia egin dute.
Martuteneko jaietarako kamiseta koloretsua egin dute.Martuteneko jai batzordea Martu jaiak dira Martuteneko herritarrentzat. Haurrak, gazteak, helduak eta adinekoak elkartzen dira festetan, eta adin guztietako jendearentzako egitaraua prestatzen dute. Aurten ere, hilaren 3tik 12ra bitarte, jarduera ugari antolatu dituzte, nobedade esanguratsu batekin: gazteei propio zuzenduriko bazkaria. «Gazteen eguna osatzea falta zitzaigun, eta iritsi da momentua», esan du Idoia Arregik, Martuteneko jai batzordeko kideak.
Sei eguneko jaiek askorako emango dute Martutenen, esanguratsuak diren jarduera asko izango dituztelako. Txupinazoa hilaren 9an izango da, eta lotura zuzena izango du urtero salgai jartzen duten jaietako kamisetarekin. Jaiak pil-pilean da aukeratu duten leloa. «Auzoko elkarteei esker ona adierazi nahi izan diegu, eta haiek izango dira txupinazoa botatzeaz arduratuko direnak», azaldu du Arregik.
Jana, edana eta musika
Martu jaiak, batez ere, herri bazkariarengatik eta Sagardo Egunarengatik dira ezagunak. Ordea, aurtengo musika eskaintza «orekatua» nabarmendu nahi izan du Arregik: «Datorren asteko ostiralean, 1980ko hamarkadako doinuak izango dira protagonistak. Larunbatean, berriz, rocka izango dugu Extremoduroren tributu talde batekin. Igandean, Gozategik girotuko du auzoa, eta astelehenean, Itzal erromeriak». Bestalde, aipatzekoa da Trapu Zaharra konpainiak bere azken emanaldietako bat Martutenen eskainiko duela.

