Mamuak Donostian: Egan-sugea eta Txuriskua
Kondairak gerora dira kondairak. Momentuan, izua eta ezinegona sortzen dute. Halaxe jaso zituen izaki hainbat beldurgarriren istorio batzuk 'La Voz de Euskadi'-k, joan den mendearen amaieran.
Bretxaren irudi bat, XIX. mendeko Parte Zaharrean.KUTXATEKA / FOTO MARIN Donostiako gauak, duela gutxi arte, behintzat, mamu eta mota askotariko munstroz beterik egon dira, Euskal Herriko herri gehienenak nola. Zorionez, ahanzturan gelditu dira gehienak, baina izan ziren bai, loa kendu zuten izakiak donostiarren amesgaiztoetan.
XVIII. mendearen amaieran, hiria Parte Zaharrera mugatzen zen, argindarrik gabe, herritarrak etxeetan gordetzen ziren gauero. Gutxi balitz, ia Europa osoko soldaduak ibiltzen ziren han-hemenka… Saltsa ederra! La Voz de Euskadi-n jaso zutenez, teilatuetan zehar ibili zen herensuge beldurgarri bat hainbat gauetan zehar. Herritarrek garaian ziurtatzen zutenez, Urgulleko kobazuloetan bizi zen Egan-sugea. Begi dirdiratsuak, ahotik sua botatzen zuena… eta gau batean baino gehiagotan eskopetadun zaintza taldekoei hurbildu zitzaiena. Hauek, gauren batean, beldurraren beldurrez, tiroak jo zituzten erruz. Bizilagunen etxeetan izan ziren eragindako kalte bakarrak.
Alkateak, zerbait egin behar zela eta, funtzio erlijiosoak biderkatu zituen, «satanismo» horri aurre egiteko, eta eskopetadun taldeak handitu. Itxuraz, ez zuen askorako balio izan, hilabete batzuk geroago, bizilagun batek onartzea berak sortu zuela tiroketa, soka luzeekin mugitzen zuen kandelaz jositako egurrezko egitura batekin…
Herensuge eta sugandilen istorioak
A, baina ez ziren hauek gau donostiarrak izutu zituzten «munstro» bakarrak. Aipaturikoak baino urte batzuk geroago, pertsonaia berri bat agertu zen hiriko kaleetan: Txuriskua.
Goizeko ordu txikietan ateratzen omen zen, mezetara joaten ziren emakumeak beldurtzera, kate eta izara zuriz estalirik –hortik bere izena–. Bizilagunak ohartu ziren ohartu, «mamu» delako honen biktimak beti zirela antzekoak: beldurtzeko errazak ziren neska gazteak. Kroniken arabera, «konfiantza irabazten» joan ziren mamuok, biderkatu egin baitziren, eta barrabaskeriak handitzen joan, etxeetan sartuz, leihoak kolpatuz, eta abar.
Orduan ere agintariek, segurtasunarekin kezkatuta, serenoen taldea sortu zuten: lau gizon eta kabo bat, garrote lodiekin armaturik, kapa nabarrekin jantzirik eta linterna banarekin. Superstizio oro gainditu zuten zelatariek, eta Txurisku delakoak, gauetik egunera, harrigarriki, desagertu ziren.

