'Vull butà', dinbi-danba eta armak... nork?
Armaniren iragarki bat, Zinemaldian.Joseba Parron Ez dira guztiz nire errua –are gutxiago zurea, irakurle, noski– nire buruaren abiaduran gertatzen diren sinapsiak. Bihotzak bere kabuz taupaka egiten duen moduan pentsatzen du nire garunak bere kabuz. Eta, orduan, sarri, topatzen naiz nire burutik atera den ideiarekin zeharo harrituta, nireak izango ez balira nola.
Argazki honekin, esaterako, gogoratu naiz 2017ko urriaren 1eko Kataluniako erreferendumaren karietara, txiste modura edo, zabaldu zen «Vull butà» horrekin. David Fernandez ikonikoak egin zuen ezagun Twitterretik kanpo. Badakizue: «Bozkatu nahi dut», katalanez, homofonoa da, «butanoa nahi dut»-ekin, eta hortxe grazia.
Ai, eta Madrilen erantzuna zein izan zen? Bada, horixe… argazkian bertan dago! «Arma, nik»!
Harritzen nau, benetan, eta ez nago harro, ezta bat ere, nire garunak ematen dizkidan hiru txisteetatik birekin, gutxienez. Baina, oraingo hau, ez da izan hain ausazkoa, ezta? Zer uste duzue? Berdin erreferendum baten aurrean, berdin etxegabetzearen aurrean. Poliziak, beti, «armak, nik», dinbi-danba, demokraziaren hizkuntza. Esan, bestela: zenbat Maricarmen behar izan dira Espainian plazak hartzeko? Eta… zenbat Euskal Herrian?

