Etxebizitzaren negozioari «ezezko borobila» emateko atera dira kalera
LAB sindikatuak eta hainbat gizarte mugimenduk deituriko Donostiako manifestazioan, putre funtsak Euskal Herritik kanporatzeko eskatu dute.
Herritar askok bat egin dute LABek eta hainbat gizarte mugimenduk deituriko protestarekin.Joseba Parron San Sebastian Manifestazio jendetsua egin dute gaur eguerdian, Donostian, etxebizitzaren negozioari “ezezko borobila” eman eta Euskal Herriko “espekulazioarekin eta errentismoarekin bukatzea” exijitzeko. LAB sindikatuak eta hainbat gizarte mugimenduk deitu dute mobilizazioa, Borroka da giltza. Etxebizitzarekin negoziorik ez lelopean. Esaterako, Bentaberriko Alokairu bizilagunen elkarteak eta Kaleratzea Stop plataformak. Gainera, Bentaberriko Marian Perez maizterrak hitz egin du manifestazioaren bukaerako ekitaldian.
Bulebarretik abiatu aurretik, Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak hitz egin du hedabideen aurrean: “Ez dugu ontzat emango etxebizitza langileok pobretzeko arrazoi bat gehiago izatea. Maizterrak antolatzen jarraituko dugu. Kalean, lantokietan eta instituzioetan borroka indartzeko unea da”. Horrekin batera, nabarmendu du atzo Espainiako Kongresuan atzera bota zituzten legeek ez zutela arazoa erabat konponduko, baina “aurrerapauso bat” izango zirela. “Eskuinak eta eskuin muturrak etxe agentzien patronalaren eta putre funtsen alde” egin zutela gaineratu du. Ildo horretan, EAJren jarrera kritikatu du, Junts-ekin eta UPNrekin bat egiteagatik.
Kalera atera diren herritarrek, besteak beste, putre funtsak Euskal Herritik kanporatzeko eskatu dute. Hain zuzen ere, aldarri hori izan da Donostiako kaleetan gehien entzun dena.
Jarraian ikus dezakezue Joseba Parron San Sebastian argazkilariak osaturiko irudi bilduma:

