«Egun hauetan argi geratu da elkartzen bagara, aurrera egiten dugula»
Marian Perez Bentaberriko maizterrak hartu du hitza LABek eta hainbat gizarte mugimenduk deituriko Donostiako mobilizazioan.
Marian Perez, Bulebarreko kioskoan.Joseba Parron San Sebastian Etxebizitzaren negozioari “ezezko borobila” eman diote gaur eguerdian, Donostiako manifestazio jendetsuan. LABek eta hainbat gizarte mugimenduk deituriko mobilizazioaren bukaerako ekitaldian, Marian Perezek hartu du hitza Bentaberriko Alokairu bizilagunen elkartearen izenean.
Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzetan bizi diren 510 familien etorkizuna arriskuan dago, tartean, Perezena. Testa Homes (Blackstone) putre funtsaren jabetzakoak dira, eta 2028ko azaroan, maizterren alokairuak nahieran igo ahal izango dituzte. Horrek bizilagun askoren kaleratze isila eragin dezake. Egoera horri aurre egiteko, bizilagunak elkartu eta Alokairu sortu zuten.
Hain zuzen ere, elkartzearen garrantzia nabarmendu du Perezek Bulebarreko kioskoan egin duen hitzartzean: “Egun hauetan argi geratu da elkartzen bagara, aurrera egiten dugula. Madrilgo Mari Carmenen kasua txinparta bat izan da, baina Bentaberriko bizilagunok ondo dakigu zer den hori. Urteak daramatzagu borrokan, gure etxebizitzen defentsan. Elkartuta lortu dugu gure egoera mahai gainean jartzea”.
Testa Homes putre funtsaren “menpe” daudela gogoratu du maizterrak, eta haien mehatxuak jaso dituztela egungo etxebizitza utz dezaten. “Isilik eta bakardadean joatea nahi dute, baina antolatu gara eta ez gara joango, gure etxebizitzak defendatzeko geratu garelako”, adierazi du Perezek.
Bentaberriko bizilagun kaltetuen egoeraz harago, etxebizitzaren negozioa “guztiontzako” mehatxu bat dela salatu du, eta aldarrikapen batzuk ere plazaratu ditu: “Horregatik, egiturazko neurriak eskatzen ditugu, etxebizitza eskubide bat izan dadin eta ez negozio bat. Elkartu zaitezte aurrera egiteko, etxebizitza bakoitza lubaki bat izan dadin”.

