Etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra azaroaren 11n egingo dute Hego Euskal Herrian ere
Hego Euskal Herrian eta Espainian egun berean egingo dute etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra, Hego Euskal Herriko lan arloko sindikatu nagusiek eta etxebizitza sindikatuek ere azaroaren 11rako deitu baitute grebara.
Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazio bat, joan den astean, Donostian.Andrea Bosch Alfaro Espainiako Estatuko Maizterren Sindikatuen Konfederazioak sustatuta, CCOO eta UGT Espainiako sindikatu nagusiek asteazken goizean iragarri zuten greba orokorra egingo dutela azaroaren 11n, etxebizitza eskubidearen alde. Azken orduotan, Hego Euskal Herriko sindikatu nagusi ELAk, LABek, ESKk eta Steilasek, iragarri dute egun bererako deituko dutela greba orokorrera, eta, beraz, azaroaren 11n izango da greba orokorra Hego Euskal Herrian ere.
Sindikatuek nabarmendu dute etxebizitza larrialdiari aurre egiteko “egiturazko neurriak” behar direla. Halaber, gogorarazi dute Espainiako Gobernuak ez ezik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere ardura dutela etxebizitzaren auzian.
Bestalde, Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek —Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuen Sareak— ere bat egin dute Hego Euskal Herriko greba deialdiarekin, eta “langile klaseari greban parte hartzeko deia” egin diote. “Gure helburua da etxebizitzaren aldeko mugimenduak rol protagonista izatea mobilizazio horietan, eta ildo horretan lan egingo dugu. Etxebizitza Sindikatuon ustez, etxebizitzak eskubide bermatua izan behar du, eta helburu hori lortzeko bide bakarra espekulazioarekin eta errentismoarekin erabat amaitzea da”.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
Atzo iluntzean zendu zen Maricarmen Abascal 87 urteko madrildarra, Poliziak irailaren 23an etxegabetu ostean, Urbagestion putre funtsak hala eskatu eta sustatuta. Etxegabetze horrek estatu osoan oso larria den etxebizitzaren arazoa lehen lerrora eraman du, besteak beste, aste horretan bertan Madrilgo Puerta del Solen ehunka herritarrek kanpaldia abiatu ostean, Madrilgo Maizterren Sindikatua buru. Herri mobilizazio hori dela eta zein asteburu horretan hiri eta herri askotan, tartean Donostian, egindako mobilizazioak direla eta, Espainiako Gobernua etxebizitzaren inguruko bi dekretu onartzen saiatu zen, baina Espainiako, Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako eskuinak dekretuak atzera bota ondoren, hauteskundeetara deitu berri du Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek, azaroaren 29rako.
Horrela, 24 orduko greba orokorra hauteskundeetarako bi aste eta erdi geldituko direnean egingo dute, eta hauteskunde kanpaina ofizialki hasteko egun eskas bat geldituko denean. Hain zuzen ere, etxebizitzaren auziak markatuko du kanpaina, baita hauteskundeak ere.
Horren harira, “antolatzeko eta borrokatzeko deia” zabaldu dute Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek: “Langile klasearen indarrak handitu behar ditugu, gehiago izan behar dugu, kontzientziatuago eta hobeto antolatuta egon behar dugu, datozen hilabeteetan ireki daitekeen edozein agertokitan: bai eskuineko gobernu baten neurri atzerakoiei aurre egiteko, bai PSOEren gobernu berri bat egongo balitz benetako hobekuntzak behartzeko”.

