Elkarrekin Donostiak Lizarra kaleko McDonald'saren irekiera geldiarazi nahi du
Lizarra kaleko 4 eta 6 zenbakien etxabeetan jarriko dute McDonalds berria.DonoSShopping Elkarrekin Donostiak Aldapeta Maria Ikastetxearen ondoan aurreikusitako McDonald’s jatetxearen irekiera eragozteko aukera ez duela galdutzat ematen adierazi du eta HAPO (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra) aldatzea proposatu du. Hala, jatetxea ireki aurretik geldiarazten saiatuko dira. Gainera, apustu etxeen eredua oinarri hartuta, Eusko Jaurlaritzari ikastetxeen inguruan janari lasterreko saltegiak jartzea debekatzen duen araudia eskatuko dio, udalean aurkeztuko duen mozio baten bidez.
Ikastetxeko familiei zuzendu zaie baita ere alderdia, oraindik “aztertu ez diren hirigintza tresnak” badirela azalduz eta udalari horiek aztertu eta erabiltzeko eskatuko diotela ziurtatuz. Victor Lasa Elkarrekin Podemoseko bozeramailearen hitzetan: “Gure helburua McDonald’s jatetxe honek ateak ez irekitzea da”. “Udal gobernuak esaten digu ezin duela lizentzia ukatu, prebarikazioa litzatekeelako. Baina ez dugu legea urratzeko eskatzen. Hirigintza plangintza aldatzeko aukera aztertzeko eskatzen ari gara” gaineratu du bozeramaileak.
Lasak nabarmendu du oraindik badagoela tartea jatetxearen irekiera geldiarazteko. Konponbideak bilatzeko “borondatea” behar dela ziurtatu du, San Bartolomeko merkataritza guneak ere saihetsezina zirudiela baina gelditzea lortu dela.

