«Ez dago atzera egiteko aukerarik; Lizarra kaleko McDonald's jatetxea ireki ahal izango dute»
Jon Insausti alkateak iragarri du auzotarrekin eta Aldapeta ikastetxearekin bilduko dela, haien eskaerari erantzunez.
Bretxako McDonald's jatetxea.Irutxuloko Hitza Lizarra kalean McDonald’s jatetxea irekiko dutela baieztatu du Jon Insausti alkateak, astearteko ohiko agerraldian. Amarako inguru horretako bizilagunak eta Aldapeta ikastetxeak establezimendu horren kontra mobilizatzen ari dira, eta 1.500 sinadura bildu dituzte ireki ez dezaten. Ordea, alkateak aitortu du jatetxeari emandako lizentzia “legezkoa” dela, eta, beraz, ireki ahal izango dutela: “Ez dago atzera egiterik”. Horri buruzko azalpenak emateko, alkatea auzotarrekin eta hezkuntza komunitatearekin bilduko da, haien eskaerari erantzunez.
Bestalde, sorturiko polemikak hiriko gune jakinetan baimendu beharreko jarduerei buruzko “eztabaida interesgarri” bat eragin duela aitortu du. Adibide gisa, ikastetxeetatik 150 metrora apustu etxeak jartzea debekatzen duen araudia gogora ekarri du: “Erabaki ona iruditzen zait, eta horren inguruan hausnartzeko, hiri antolamendurako plan orokorraren (HAPO) berrikuspena erabili daitekeela uste dut”.
Alkate gisa ez ezik, pertsona eta kontsumitzaile gisa ere hitz egin du. Batetik, onartu du udako oporraldian McDonald’s katearen hanburgesa bat jan zuela, nahiz eta onartu duen ez duela bere “elikadura ereduarekin” bat egiten: “Hemen gauden denok edo gehienok probatu dugu McDonald’s”. Bestetik, gogoratu du Bretxako jatetxea duela 25 urte zabaldu zutela, “ikasketak egiten ari nintzen Orixe ikastolatik gertu”, eta orduan ez zela “zalapartarik” sortu.
“Lizarra kalekoa irekiko ez balitz, jendeak Bretxako eta Garberako McDonald’s-etara joateari utziko lioke? Azken batean, bakoitzaren araberakoa da hori kontsumitzea”, gaineratu du.

