«Oso pozik gaude, Damoklesen ezpata gainetik kenduko digulako»
Eusko Jaurlaritzak Bentaberriko 510 familien etorkizuna bermatu ondoren, Antxon Pro bizilagunak aitortu du "lasaitu ederra" hartu dutela.
Antxon Pro Bentaberriko bizilaguna, Alokairu elkartearen lokalean.Joseba Parron San Sebastian Auzoan bizitzen jarraitu ahal izango dute Bentaberriko 510 familiek. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak akordioa lortu du Testa (Blackstone) putre funtsarekin, haien jabetzako Bentaberriko etxebizitzen gaineko azalera eskubide osoa erosteko. Horren aurrean, hedabide hau Antxon Prorekin jarri da harremanetan, Bentaberriko bizilagun eta Alokairu elkarteko kidearekin.
Albistearekin “oso pozik” daudela nabarmendu du, akordioak “Damoklesen ezpata gainetik kenduko digulako”. Gogorarazi du 28 urte daramatzatela haien eskubideen aldeko borrokan, eta merezi izan duela. “Espero genuen, baina beldur ginen edozer gertatuko ote zen eta hori guztia zapuztuko ote zen”, aitortu du. Izan ere, politikariekiko eta agintariekiko mesfidantza handia pilatu dute urtean, “ez dutelako guregatik ezer egin”. Ordea, Denis Itxaso Etxebizitza sailburua “salbuespena” izan dela esan du: “Politikarien artean bada fundamentua egiten duenik. Berak eta Etxebizitza Sailak emandako hitza bete du, eta eskerrak eman behar dizkiogu”.
Bilera, datorren astean
Itxasok gaur bertan eman ditu Jaurlaritzaren eta Testaren arteko akordioaren xehetasunak, eta aurreratu du datorren astean Bentaberriko bizilagunekin bilera bat egingo duela. “Atzo deitu ninduen akordioaren berri emateko, eta datorren astean egingo dugun bileran azalduko dizkigu hemendik aurrerako pausoak zeintzuk izango diren”, azaldu du Prok.
Hain zuzen ere, Etxebizitza Sailak Bentaberriko bizilagun guztiekin egindako bileren balioa nabarmendu nahi izan du. “Duela hilabete batzuk egin genuen bilera aitzindaria izan zen, eta oso lagungarria. Beraz, pozik gaude berriz ere elkartu eta akordioaren xehetasunak ezagutzeko”.
Kaleratzeak Stop, bizilagunekin
Bentaberriko 510 familiak zoriontzeko ohar laburra plazaratu du Kaleratzeak Stop plataformak. “Etengabeko borroka, antolaketa eta mobilizazio aro luzeari bukaera eman diote. Bizilagunek, Alokairurekin batera, kontratuen egonkortasuna bermatzeko eta beren etxeak mantentzeko garatu dute, bizitza osoan bizi izan baitira horietan. Lorpen horrek erakusten du gizartearen mobilizazioak eta auzo-batasunak fruituak ematen dituztela“, nabarmendu dute.

