Intxaurrondoko eta Amara Berriko kuartelak torturaren memoria leku izendatzeko gomendatu dute
Eusko Jaurlaritzaren Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak motibazio politikoko indarkeriaren beste 60 biktima aitortu ditu, tartean, Donostiako batzuk. Halaber, torturatzeko erabili izan diren guneak memoria leku izatea gomendatu dute.
Jon Mirena Landa eta Juana Balmaseda, Eusko Legebiltzarreko agerraldian.Eusko Legebiltzarra Eusko Jaurlaritzaren Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak agerraldia egin zuen asteazkenean Eusko Legebiltzarrean, batzorde horrek azken urtean egindako lanaren txostena aurkezteko. Horren bidez, giza eskubideen urraketak jasan dituzten beste 60 biktima aitortu dituzte, baita Eusko Jaurlaritzari zenbait gomendio egin ere. Juana Balmaseda batzordeko presidenteak eta Jon Mirena Landa batzordekideak aurkeztu zuten txostena, Eusko Legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean.
Hain zuzen ere, herritarrak torturatzeko erabili izan diren hainbat gune “memoria leku” izendatzeko gomendatu dio batzordeak Jaurlaritzari, tartean, Donostiako bi gune ezagun: Amara Berriko Espainiako Poliziaren Buruzagitza Nagusiaren egoitza eta Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartela; Espainiako Estatuaren bi erakunde horiek Bilboko egoitzak ere memoria leku izendatzeko gomendatu du batzordeak: “Establezimendu horiek, eta jada desagertuta dauden beste batzuk, atxilotuak bakartuta edukitzeko lekuak izan ziren, eta funtsezkoak izan ziren Euskadiko errepresio politiko eta sozialean, batez ere diktadura frankistan, baina baita ondoko urteetan ere, terrorismoaren aurkako legeriaren babesean”.
Horrela, batzordeak “egiaztatu” ahal izan du “ehunka pertsona atxilotu, galdekatu eta torturapean jarri” zituztela eraikin horietan, “zenbait kasutan hil arte, arrazoi politiko eta ideologikoengatik”. “Memoriaren Lekuaren deklarazioaren bidez, prozesu bat hasi nahi da torturaren errealitatea ikusarazteko eta gertatu zenaren egia ezagutzen laguntzeko, horrelakorik berriro gerta ez dadin”, gaineratu du batzordeak bere txostenean.
Gogoratu behar da, bestalde, Aieteko La Cumbre eraikina ere memoria gune bihurtu beharko litzatekeela, Espainiako Gobernuak Donostiako Udalari lagatzen dionean. 2023ko urritik beharko luke gauzatuta lagapenak, eta udal gobernuak aste honetan aurkeztu du eremu horretan garatzeko proiektuaren proposamena. Bestalde, Martuteneko espetxea ere memoria leku izendatzeko eskatu dute zenbait erakunde memorialistek, bertan hamarkada luzez egindako giza eskubideen urraketa larriengatik. Jaurlaritzak esan du “memoria elementuren bat” utziko dutela.
Batzordeak “egiaztatu” ahal izan du “ehunka pertsona atxilotu, galdekatu eta torturapean jarri” zituztela eraikin horietan, “zenbait kasutan hil arte, arrazoi politiko eta ideologikoengatik”
60 aitortza, 54 torturagatik
Aitortutako biktimei dagokienez, batzordeak ez du zerrenda zehatzik argitaratu, baina zenbait datu esanguratsu jarri ditu mahai gainean, baita kasu zehatz batzuen nondik norakoak azaldu ere. Alde batetik, nabarmendu du aitortutako 60 biktimetatik, 54 tortura edo tratu txarrak pairatutakoak direla; lau, Poliziak edo talde parapolizialek balaz zauritutakoak eta bi, gomazko pilotek jota zauritutakoak.
Kasuen erdiak baino gehiago, 36, frankismoaren ostekoan gertatutakoak dira —1978tik 1999ra—, eta lotura dute Guardia Zibilarekin edo Espainiako Poliziarekin. Horrez gain, aitortutako 60 biktimetatik, gehienak gipuzkoarrak dira, eta, bestalde, 51 gizonezkoak dira eta 9 emakumezkoak.
Aitortutako biktima gehienak afiliazio politiko ezkertiarrekoak dira: HB, EAE-ANV, ETA, LAB, Alderdi Komunista eta abar luze bat. 990.000 eurotik gorako kalte ordainak zehaztu dituzte, guztira, aitortutako biktimentzat: 616.000 tortura biktimentzat, 35.000 gomazko pilota batez zauritutako pertsonentzat eta 340.000 balaz hildako edo zaurituentzat.
Agerraldian aipatu zituzten kasuen artean, bik Donostiarekin lotura estua dute: Esteban Muruetagoienarenak eta J.A.G. siglei erantzuten dien pertsonarenak
Muruetagoiena eta J.A.G.
Agerraldian aipatu zituzten kasuen artean, bik Donostiarekin lotura estua dute: Esteban Muruetagoienarenak eta J.A.G. siglei erantzuten dien pertsonarenak. Muruetagoiena Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzorde Bereziak bere jardunerako oinarri gisa erabiltzen duen Euskal kasuan izan diren bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen udal argazkiak. Donostia 1960-2010 txostenean dago, hain zuzen ere, Segurtasun-indarrek bizitzeko eskubidearen aurka egindako urraketak atalean.
Ondarroan (Bizkaia) jaioa zen Muruetagoiena, baina Oiartzunen (Gipuzkoa) bizi zen, baita bertan lan egin ere. 1982ko martxoan atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta hamar egunez eduki zuten inkomunikatuta, Donostian eta Madrilen. Egun horietan zehar, torturatu egin zuten Muruetagoiena, azkenean, kargurik gabe aske uzteko. Handik hiru egunera hil zen, ordea, Donostian, “amaren eta izeba-osaben etxean”, udalak erabiltzen duen txostenak dioenez. Ofizialki, bihotzekoak jota zendu zen, baina batzordeak, lekukotzak eta dokumentazioa jasota, ondorioztatu du “agerikoa” dela atxiloaldian jasandako torturen ondorioz hil zela.
J.A.G.-ri dagokionez, Poliziak gomazko pilota batekin jota zauritutako biktima gisa aitortu du balorazio batzordeak. Rosa Zarra zauritu zuten egun eta toki berean zauritu zuten R.A.G., hau da, 1995eko ekainaren 22an, Anoeta estadioaren inguruan. Ertzaintzaren pilotakada batek zauritu zuen J.A.G., Zarrari gertatu zitzaion moduan. Zarra hil egin zen pilotakada horren ondorioz —aurten aitortu du Jaurlaritzak—, eta J.A.G.-k hiru egun pasatu zituen ospitalean. Biktimak salaketa aurkeztu zuen, baina auzia artxibatu egin zuten; batzordeak salatu du ezin izan dutela kasua modu sakonean aztertu, epaitegietan informazioa “zentsuratua” izan delako.
Eusko Legebiltzarreko talde politikoei eskatu diete 12/2016 legea berritzeko beharrezko pausoak ematen hasteko, “orain arteko lan ildoari jarraipena emateko”
Legea aldatzeko beharra
Balorazio Batzordeak agerraldian azaldu zuenez, oraindik, 284 espediente daude ebatzi gabe. Lan horiek legealdia amaitzerako burutu nahi dituzte, hala ere; 2028ko udaberrirako, alegia. Horregatik, Eusko Legebiltzarreko talde politikoei eskatu diete 12/2016 legea berritzeko beharrezko pausoak ematen hasteko, “orain arteko lan ildoari jarraipena emateko”.
Halaber, Landak gogorarazi zuen eskaerak jasotzen jarraitzen duela batzordeak: 400 inguru bildu dituzte dagoeneko, epez kanpo. “Kanpoan gelditu direnak ate joka daude, eta atea zabaltzeko moduan egon beharko genuke”, nabarmendu zuen adituak. Era berean, 1999tik aurrerako biktimen kasuen eskaerak jasotzeko aukera zabaltzeko eskatu zen Landak agerraldian.
Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak egin duen seigarren txostena da asteazkenean aurkeztu zutena, eta, urteotan (2020tik), guztira, 305 biktima aitortu dituzte dagoeneko. Aztertu dituzten txostenak, ordea, askoz gehiago izan dira: 1.152 espediente aztertu ditu batzordeak. Horietatik, 305 onartu dituzte, 660 espediente ez dituzte onartu —asko, Poliziak aurkeztutakoak, batzordearen lana trabatzeko asmoz jarritakoak—, bi baztertu dituzte eta, hemeretzitan, eskatzaileek atzera egin dute.

