46 hegazti espezie habiagile detektatu dituzte Auditz Akularren
Altza XXI Herri Ekimenak eskatuta, Aranzadi Zientzia Elkarteak Auditz Akular eremuko hegaztiak eta ornogabeak aztertu ditu. Gunearen balio naturala nabarmendu dute ikerketaren bidez, bertan eraiki ez dezatenaren aldarrikapena berrestearekin batera.
Bi miru beltz, Donostiako eremu batean, artxiboko irudi batean.Itsas Enara Donostiako Udalak, duela hogei urte baino gehiago, mahai gainean du Altzako Auditz Akular berdegunean 3.000 bat etxebizitza eraikitzeko egitasmoa. Hain zuzen ere, proiektua berrartu du azken urteotan udal gobernuak, eta Jon Insausti alkateak behin baino gehiagotan esan du hiriak “Altzaberrirantz” hazi behar duela, Auditz Akularri erreferentzia eginez. Altzako zein Donostiako hainbat herritar eta eragile, ordea, berdegune horretan eraikitzearen aurka agertu dira askotan, Altza XXI Herri Ekimena buru, askotariko arrazoiengatik.
Natura eta biodibertsitatea dira Altza XXIk eremua berde mantentzeko hizpidera ekarri ohi duen argudioetako bat, eta, hain zuzen ere, Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia eta Entomologia sailetako adituei Auditz Akularreko hegaztiak eta ornogabeak aztertzeko eskatu die plataforma herritarrak: “Azterketek gogorarazten dute Altzak 500 hektarea inguru dituela eta Auditz Akularreko eremuak 100 inguru. Landazabal atlantiko tipiko gisa sailka daitekeen paisaia da. Biodibertsitatea kontserbatzeko duen balioa ebaluatu du, komunitate ornitologikoaren eta ornogabeen oinarrizko parametroak kuantifikatuz, bai espezieen aberastasuna, bai ugaritasuna”. Hilaren 20an aurkeztu zuten ikerlana, Tomasene Kultur Etxean.
Askotariko hegaztiak
Altza XXIk nabarmendu duenez, guztira, “46 hegazti espezie habiagile” detektatu ditu Aranzadik eremu horretan dira: “Ez da aurkitu mehatxu handiko kategoria duen espezierik, baina bai EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan interes berezikotzat jotako hiru espezie: txotakabra grisa, moko txikia eta bele handia. Gainera, 31 espezie daude Babes Bereziko Erregimeneko Basaespezieen Zerrendan eta Arriskuan dauden Espezieen Espainiako Katalogoan. Eta bi espezie, Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren Lehen Eranskinean jasotakoak: txotakabrak grisak eta miru beltza”.
Horrez gain, herri ekimenak azaldu duenez, azterlanak zera nabarmentzen du: “Arratoi busardoa eta miru beltzaren moduko espezieek Auditz Akular erabiltzen dute bere hegaldietan eta ohiko mugimenduetan, eta beste batzuek, hala nola arrano galtzadak eta miru gorriak, litekeena da hori bera egitea, inguruko landazabaletan presentzia egiaztatua duten zelaigune handiak baitira. Bi espezie horietatik, nabarmendu behar da miru gorria arriskuan katalogatuta dagoela, bai eskualdean, bai estatuan”.
“Esan daiteke maila ornitologikoan agerikoa dela Auditz Akularren aberastasun espezifikoa”, ondorioztatu du Altza XXIk: “Detektatutako 46 espezierekin, udalerri osorako detektatutako batez besteko balioaren gainetik dago, kilometro koadroko 30 espeziekoa baita hori. Testuinguru horretan, Auditz Akularrek nabarmen laguntzen du espezieen aberastasun handia mantentzen, eta, ziurrenik, zeregin garrantzitsua izango du hegaztien biodibertsitatearen gordailu gisa, kasu honetan, udalerri mailan. Espezie mehatxaturik detektatzen ez den arren, udalerrian dagoen nekazaritza eta basogintzako paisaiaren mosaikoak, hiri ingurukoak, hegazti fauna aberatsa eta nahiko ugaria mantentzen laguntzen du”.
Ornogabeentzat baliotsua
Aranzadiren ikerketak erakusten duenez, ornogabe ugari bizi dira Auditz Akularren: “238 erregistro zazpi kakalardo saproxiliko espezierentzat, hamabi odonato espezierentzat eta 21 tximeleta espezierentzat”, nabarmendu du Altza XXIk. Horrez gain, herri ekimenak azaldu duenez, “babestutako hiru espezie” detektatu dituzte: “Cerambyx cerdo (Kaprikornio Handia), Lucanus cervus (orein hegalaria) eta Rosalia alpina (Europako legeriak babestutako espeziea)”.
“Azterketa eremuan, 1. mailako bi ingurune identifikatu dira, lehentasun handiagokoak, kontserbazio balioaren eta kontserbazio beharraren ondorioetarako: Molinao, Eskalantegi eta Sasuategiko zuhaiztiak, Akular eta Molinao errekastoak eta Landarro, Iparragirre eta Zilargineneko belardiak. 2. maila duten bi ingurune, Auditz eta Artzaka errekekin eta Gorringo Gaina eta Artzaka belardiekin bat egiten dutenak. Eta 3. maila, Larres eta Harri Berriko belardiekin bat datorrena”, gaineratu du Altza XXIk. Horregatik guztiagatik, Aranzadiren txostenak ondorioztatzen du “intsektuen gainbeheraren krisi globalaren aurrean (Singh, 2025), xede talde gehienei laguntzeko egokiena litzatekeela baso, erreka eta belardien egungo paisaia mosaikoa mantentzea”.
Korridore ekologiko gisa balio handia du, beraz, Auditz Akularrek, Aranzadiren txostenaren arabera. Hala azaldu du Altza XXIk: “Auditz Akularrek korridore ekologiko gisa eta, beraz, udalerriko berdeguneen arteko bizi konektore gisa izan dezakeen rola azpimarratzen dute egin beharreko gogoetek. Zehazki, berdegune handi bat da, habitat naturalak edo erdi naturalak dituena. Ekialdean eta mendebaldean, urbanizatutako eremuak daude, eta hegoaldean, Altzako landazabalak, eta iparraldean, Pasaiako portua. Gainera, Auditz Akular Uliatik hurbilen dagoen azken berdegune handia da, gaur egun ia isolatuta baitago udalerriko gainerako berdeguneetatik, Uliaren hegoaldeko hegal osoa zeharkatzen duen hiri bilbe trinko batetik. Testuinguru berezi horretan, Auditz Akularrek potentzial handia du etorkizunari begira Uliaren eta udalerriko gainerako berdegune handien arteko konektibitate ekologikoa bultzatzeko”.
Kontserbatzeko beharra
Altza XXIren ustez, “Aranzadiren lan zientifiko honek erakutsi du ondo kontserbatutako ekosistema batzuen aurrean gaudela, egoera ekologiko onean, eta landazabaleko paisaia oso garrantzitsua dela kontserbaziorako eta biodibertsitaterako. Gainera, aterki espezieak egoteak esan nahi du Auditz Akular babestean zeharka beste espezie txikiago edo gutxiago ikusten direnetatik babestuko litzatekeela”.
Hori dela eta, naturagune gisa kontserbatzeko beharra nabarmendu du eragileak: “2025eko urtarrilean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Donostiako Plan Orokorraren aurrerapenari txostena egiterakoan ohartarazi zuen moduan, zorroztasun tekniko handienarekin egindako azterlan objektiboek ondorioztatzen dute Auditz Akular urbanizazioarekin eta eraikuntzarekin ez dela okupatu behar, bere balio naturalengatik, ingurumenekoengatik eta ekosistemikoengatik”.



