'Arrazakeriaren aurrean, klase batasuna' dinamika antirrazista antolatu du Kontseilu Sozialistak
Donostiako Kontseilu Sozialistak 'Arrazakeriaren aurrean, klase batasuna' dinamika aurkeztu du.Donostiako Kontseilu Sozialista Asteazken honetan, urriaren 28an, hiru hilabete beteko dira Donostiako Udalak Kaleko Afari Solidarioak (KAS) herritar taldearen jarduna debekatu zuenetik; egunero, 300 bat afari bero banatzen zituzten hirian KASekoek. Horren harira, Arrazakeriaren aurrean, klase batasuna lelopean, dinamika antirrazista antolatu du Donostiako Kontseilu Sozialistak, bi hitzaldiz osatutakoa.
Lehena larunbat honetan izango da (hilak 31), 18:00etan, Donostiako Zentro Sozialistan (Mundaizen, Egian): Mamadou Yero Seydi Organitzacio Juvenil Socialistako militanteak Arrazakeriari aurre egiteko gako politikoak hitzaldia emango du. Bigarrena, aldiz, mahai inguru bat izango da, eta azaroaren 5ean egingo dute, 18:00etan, Zentro Sozialistan: Donostialdeko hainbat esperientzia izango da izenburua, eta Unai Apaolazak (Ehun mugimendua), Agus Rodriguezek (Kaleko Afari Solidarioak) eta Ainara Aldarondok (Donostiako Harrera Sarea) hartuko dute parte.
Debekua eta diskurtso arrazistak
“Debeku hura hirian jasaten ari garen gorakada erreakzionarioaren adibide bat gehiago izan zen, baina ez lehena, aurretik ere jada kriminalizatu baitzuten KAS“, gogorarazi du Kontseilu Sozialistak, KASen debekuari erreferentzia eginez: “Debekuaren ondoren gose direnei janaria banatzen aritu direnak jazarri ditu Poliziak”. Halaber, “debeku eta jazarpen horien aurretik eta ondoren, diskurtso arrazista eta klasistak hedatzen aritu dira Lo Que No Te Cuentan De Donosti eta antzeko talde erreakzionarioak, segurtasunaren aitzakia etorkinen aurkako diskurtsoa zabaldu eta normalizatzeko erabiliz”, gaineratu dute Mugimendu Sozialistako kideek.
Bestalde, “udalak, bere aldetik, neurri autoritarioak hartuta, bete-betean eutsi dio etorkinak deshumanizatu eta haien aurkako erasoak zilegi egiteko jarrera horri”, salatu dute: “Arrazakeria funtzionala zaio kapitalismoari, eta are gehiago krisi kapitalista garaian. Arrazakeriaren bitartez, batetik, proletalgo migrantearen bizi eta lan baldintzak errazago okertzen dira, eta bestetik, langile klasearen batasuna ekiditen da, eta horrela, langileriak duen potentzial politiko iraultzailea ahuldu”.
Horregatik, “klase batasunera” deitu dituzte herritarrak: “Komunistoi arrazakeriaren aurrean klase batasuna antolatzea dagokigu. Migranteen eskubide politikoak aldarrikatzea eta haiekin batera antolatzea. Proletalgo migrantea antolakuntza komunistara batzea da arrazakeria estrukturalaren erroari aurre egiteko gai den indar politikoa eraikitzeko bermea”.


