Bera Berak arerio ezagunari aurrea hartu beharko dio
Ibaeta Basket eta Askatuak Gipuzkoa Basket garaipena etxetik kanpo lortzen saiatuko dira, eta Realeko belar hockey taldea lehiara bueltatuko da.
Bera Beraren eta Kanaria Handiaren arteko partida bat, Telden.Bera Bera Europako ligako multzoen ligaxkara sailkatzea du helburu Bera Berak, eta, horretarako, Kanaria Handiaren aurkako kanporaketa gainditu beharko du. Joanekoa bihar jokatuko dute Telden, kanariarren pistan (19:30). Handik emaitza on bat ekartzen ahaleginduko dira donostiarrak; aukeran, garaipena eta baleko gol errenta. Dena dela, ez da lehia erraza izango, bi taldeen arteko azken partidak oso estuak izan direlako. Urriaren hasieran aritu ziren azkenekoz elkarren aurka ligan, eta donostiarrek kanariarren etxean irabazi zuten (24-26). Aldiz, irailean, Bera Berak Superkopako finala galdu zuen Kanaria handiaren kontra. Jon Begiristain entrenatzaileak adierazi duenez, “partida berezia” izango da eta “denboraldiko helbururik handienetako” bat.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek arerio gogor bezain klasiko bat izango du parez pare gaur, 20:00etan. Salamancako Avenida talde indartsuaren aurka ariko dira, azken denboraldietan apalago dabilena. Donostiarrek mendean hartu izan dituzte, eta etxean Ferrolen aurka galdutako ahazteko, baliagarria izango litzateke garaipena. Askatuak Gipuzkoa Basketek, berriz, sasoiko hirugarren partida irabaztea du helburu, Kanaria Handiaren pistan. Bihar 20:00etan jokatuko dute, eta Gaskako azken neurketan ondo egindakoak presente izan beharko dituzte —Kordoba menderatu zutelako—.
Belar hockeyan, Realeko neskak lehiara bueltatuko dira bihar, Zubietan (16:00). Kantabriako Sardinero izango dute arerio, sailkapeneko azken aurreko tokian dagoena puntu bakarrarekin. Dena dela, horrek ez du esan nahi txuri-urdinentzat partida erraza izango denik.
Futbolean, Realeko neskek berriz ere euskal derbi bat jokatuko dute. Oraingoan, Eibarren zelaian ariko dira bihar, 17:00etan. Mendizorrotzan Alavesen aurka lorturiko berdinketa gazi-gozoa pasatuta, hiru puntuak eskuratzeko premia dute txuri-urdinek. Ez da arerio aproposena izango, etxean oso txukun aritzen direlako armaginak. Bestalde, Realeko mutilek Rayo hartuko dute etzi, Anoetan (16:15). Europa ligan Olympique Lyonen aurka berdindu berritan, ligan irabaztea lagungarria izango da txuri-urdinentzat.
PARTIDAK
Eskubaloia
Europa Ligako kanporaketa, joanekoa
- Kanaria Handia – Bera Bera (bihar, larunbata, 19:30)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 7. jardunaldia
- Avenida – Ibaeta Basket (gaur, ostirala, 20:00)
Gizonezkoen bigarren maila, 7. jardunaldia
- Kanaria Handia – Askatuak Gipuzkoa Basket (bihar, larunbata, 20:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 8. jardunaldia
- Reala – Sardinero (bihar, larunbata, 16:00)
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 10. jardunaldia
- Eibar – Reala (bihar, larunbata, 17:00)
Gizonezkoen lehen maila, 12. jardunaldia
- Reala – Rayo (etzi, igandea, 16:15)

