Iñaki Kijera omendu du udalak, duela 47 urte Poliziak tiroz erail zuen gaztea
Iñaki Kijeraren familiako kideak, Kanpandegi kaleko omenaldian.Joseba Parron San Sebastian Espainiako Gobernuak iragan ekainean aitortu zuen estatuaren biktima gisa Iñaki Kijera Zelarain donostiarra. 1979an, duela 47 urte, Espainiako Poliziak tiroz erail zuen Antiguako gaztea. Donostiako Udalak atzo aitortu zuen Kijera, Parte Zaharrean. Haren omenezko plaka jarri zuten Kanpandegi kalearen 1. zenbakiaren izkina batean.
Ekitaldi xumea izan zen, eta haren familiako kideek eta lagunek, Jon Insausti alkateak, Ane Oiarbide alkateordeak (PSE-EE) eta Juan Karlos Izagirre (EH Bildu), Arantza Gonzalez (Elkarrekin Donostia) eta Borja Corominas (PP) zinegotziek parte hartu zuten. Kanpandegi kalean jarritako plakan lore eskaintza egin zuten.

Iñaki Kijeraren familiako kide bat plakaren gainean lore bat jartzen, Kanpandegi kalean.Joseba Parron San Sebastian
Aipatu moduan, Kijera Espainiako Poliziak 1979ko irailaren 1ean hil zuen, tiroz. Preso politikoen aldeko manifestazio batean parte hartzen ari zen, beste ehunka herritarrekin batera. Liskarrak hasi ziren eta polizia batek oso distantzia gutxira tiro egin zion.
Hamabost minutu inguru igaro zituen Kijerak lurrean botata, eta Poliziak harengana hurbiltzen saiatzen zen pertsona orori kolpeka eta pilotakadaz eragotzi zien gerturatzea, baita Gurutze Gorriari ere. Azkenean, lagunek Kijera auto batean sartu eta anbulantzia bateraino eramatea lortu zuten, baina ospitalera iritsi ondoren hil zen.
Duela bi legealdi, udalak terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimei espazio publikoan ikusgarritasuna emateko egitasmoa abiatu zuen. Horrela, Kijeraren omenez jarri dutena 39. plaka da.
Joseba Parron San Sebastian argazkilariak omenaldiko irudi bilduma osatu du.

